INFO

Erakunde aitorpenik gabe zeuden 82 gudari omenduko ditu Gipuzkoako Aldundiak Gernikan

Gipuzkoako Aldundiak omenaldi «berezi» eta «hunkigarria» eskainiko die larunbatean Gernika-Lumoko hilerriko hobi komun batean eta erakunde aitorpenik gabe dauden 82 gudariri. Haietako 72 gipuzkoarrak dira, 28 udalerritakoak.

Markel Olano eta Maribel Vaquero, larunbateko ekitaldiaren aurkezpenean. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Aldundiak Gernika-Lumoko hilerriko hobi komun batean lurperatuta dauden 82 gudariri aitortza egingo die larunbatean, haietako gehienak gipuzkoarrak.

«80 urtean ia ahaztuta egon den pasartea da gizon hauena eta orain, historia gure eskuetara iritsi den honetan, zilegi da beraiekin dugun zorra kitatzea», adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak.

Gogoratu duenez, pertsona hauek bizitza eman zuten askatasuna edota zilegitasun demokratikoa bezalako balioen defentsan. «Gudari hauen memoria argitara atera eta gizarteratzea da egin diezaiokegun omenaldirik onena», nabarmendu du Olanok.

Bizikidetza eta Giza Eskubideetako foru zuzendari Maribel Vaquerorekin batera egindako agerraldian, Olanok azaldu du hitzordua 12.00etan dagoela jarrita, Gernika-Lumoko hilerrian, eta lurperatutako gudarien familiak izango direla ohorezko gonbidatuak. «Lan mardula egin da gudari hauen oinordekoak aurkitzeko, eta beraiek izango dira protagonista larunbatean», adierazi dute Aldundiko arduradunek, Erkibe eta Gernikazarra elkarte memorialistek eginiko lana eskertuz.

Ekitaldiaren baitan monolito bat inauguratuko da, non lurperatutako gudarien izenak jasoko diren. Hilerrian bertan bada gudarien gorpuzkiak dituen beste hobi komun bat, Gernikako ospitalean hildako 270 gudarirena hain zuzen.

Guztira 82 dira Gernikako hilerriko hilobian dauden eta identifikatu diren gudariak. Gipuzkoarrak dira 72, 28 udalerri ezberdinetakoak: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Eibar, Elgoibar, Deba, Soraluze, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Getaria, Zarautz, Zumaia, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Donostia, Gabiria, Errenteria, Pasaia, Astigarraga, Andoain, Hernani, Usurbil eta Hondarribikoak dira. Beste hamarrek, azaldu dutenez, Bizkaia, Nafarroa edota Ipar Euskal Herrian dute jatorria.

«Familia batzuek bazuten euren senitartekoen hilotzen kokalekuen berri, baina beste askorentzat sorpresa handia izan da han daudela jakitea», adierazi du Olanok.