INFO

Frankistek errepresaliatutako udal langileak omendu dituzte Bilbon

Duela 80 urte Bilbon sartu ondoren indar faxistek errepresaliatutako udal beharginei aitortza egin die Bizkaiko hiriburuko Udalak. Aburtoren esanetan, ekitaldiaren helburua ez da izan «zaurietan min handiagoa eragitea», baizik eta «esperantzari, argiari, aitortzari eta gomutari» lekua ematea.

Errepresaliatutako udal langileei omenaldia egin diete, Aburto alkatea buru zela. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru, eta Udalbatza, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko Zuzendaria eta beste erakunde batzuen ordezkariak tarteko zirela, 1936ko gerran «askatasunaren eta demokraziaren alde bizitza galdu zuten» udal langileen omenezko ekitaldia egin dute Udalean.

Zigortutako funtzionarioen senideak eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere bildu dituen omenaldia Udaletxearen aurrealdeko beheko eskaileretan hasi da, «askatasuna eta balio demokratikoak defendatzeagatik Bilbo jausi ostean fusilatutako» hamalau udal langileen omenezko plakaren aurkezpenarekin.

Ondoren, Arabiar Aretoan, ‘La depuración y represión franquista de las empleadas y empleados del Ayuntamiento de Bilbao’ izenburuko liburua aurkeztu dute. Aritz Ipiña historialariak Estatu espainiar osoko hamarka artxibotan lau urtez burututako ikerketaren emaitza da lan hori.

Ipiñak azaldu duenez, «1936ko uztailaren 18ko Estatu-kolpeak, ondorengo Gerra Zibilak eta Francok zuzendutako armadaren garaipenak eragin nabaria izan zuten Bilboko Udaleko langileengan. Hala, bermerik eskaintzen ez zuten epaiketa bereziak egin ziren. Horien ondorioz, 1.000 langile baino gehiago lanpostu barik utzi eta beste batzuei, ostera, diruzko zehapena ezarri zieten».

Francoren erregimenaren zapalkuntzak Bilboko Udaleko langileen %75,5ean izan zuen eragina. Garai hartan, zehatz-mehatz, 1.914 langile zituen. Alkatearen esanetan, «medikuak, irakasleak, suhiltzaileak, udaltzainak, hiltegiko, hilerriko eta garbiketako beharginak ziren… baita bekadunak ere».

Ildo horretan, «askatasun eta demokraziaren aldeko borrokan hildako 14 funtzionarioak» gogora ekarri gura izan ditu. Horietatik, «9 fusilatu zituzten gerra-kontseiluen ondorioz; beste lau –denak suhiltzaileak– egun berean epaiketa barik hil zituzten eta beste bat –udaltzaina– etxean topatu zuten buruan tiro bat jota».

Bere hitzaldian, Aburtok argi utzi nahi izan du Bilboko Udaleko langile horiek «Francoren erregimeneko garbiketa politikoan burutako bortxazko eta indarkeria administratibozko politika»sufritu zutela eta «Errepublikaren zilegizko agintaritzaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren alde lan egiteagatik edo Eusko Gudarostearen kideak izateagatik» zigortu zituztela.

Era berean, gaurko ekitaldiaren helburua, Aburtok azpimarratu duenez, «ez da zaurietan min handiagoa edo tristezia eragitea. Aitzitik, esperantzari, argiari, aitortzari eta gomutari lekua eman nahi dio; gure gazteengan bakeari eta balioei lotutako haziak erein nahi ditugu, guztiok batera zume sendoagoak dituen gizartea ehundu ahal izateko».