INFO

Gudari eta milizianoak oroitu dituzte Bilbo erori zela 80 urte bere direnean

Alderdi politiko, sindikatu eta hainbat fundaziok bat egin dute igande honetan Bilbo faxisten eskutan erori zela 80 urte bete diren honetan borroka hartan parte hartu zuten gudari eta milizianoak omentzeko

Artxanda mendian egin dute omenaldia. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

80 urte bete dira Bilbo faxisten eskuetara erori zenetik. Urteurrena ahanzturan ez uzteko, ekitaldia antolatu dute igande honetan, besteak beste, EAJ, PSE, ANV eta Alderdi Komunistak Efe albiste agentziak adierazi duenaren arabera. Sindikatuak ere izan dira bertan, ELA, UGT eta CNT besteen artean.

Ekitaldia Artxanda mendian egin dute, «Aterpe 1936» eskulturaren parean. Duela hamaika urte inauguratu zuten aipatu eskultura, faxismoaren aurka borrokan bizia galdu eta frankismoa pairatu zuten pertsona guztien oroimena akorduan izateko.

Ekitaldian Lakuako Gobernuko hainbat ordezkari ere izan dira, Josu Erkoreka bozeramailea tartean. Hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan, egia jakitearen eskubidea azpimarratu du honek, biktimei erreparazioa zor zaiela adierazi du eta «gure identitate demokratikoa» sakontzearen aldeko aldarria egin du.

Bertan izan da Pedro Azpiazu Finantza eta Ekonomia sailburua ere, baita Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua edota alderdi politiko, instituzio eta memoria historikoaren arloan lan egiten duten hainbat ordezkari ere.

Uste denez, 40.000 gudari eta miliziano aritu ziren orain 80 urte Bilbo faxisten eskuetan ez uzteko borrokan, eta zazpi hilabetez iraun zuten jardunean.