INFO

«Nafarrak berdintasunez hartuko dituen Euskararen Legea» aldarrikatu du Kontseiluak

Parlamentuak Nafarroako 44 herri «eremu mistoan» sartzeari argi berdean eman dio, baina Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi duenez, «lehentasuna nafarrak berdintasunez hartuko dituen Euskaren Legea da».

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, Nafarroako Parlamentuan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea aldatzea onartu du eta, hortaz, 44 herri eremu ez-euskaldunetik mistora igaro dira, baina Kontseiluak ohartarazi du «zonifikazioak bere horretan» jarraituko duela, eremu euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna mantenduz.

Paul Bilbao idazkari nagusiaren esanetan, «benetako lehentasunak» ezartzeko garaia da eta, Nafarroari dagokionez, «lehentasuna herritarren arteko bereizkeriarik eragingo ez duen corpus juridikoan datza». Parlamentuak hartu duen erabakiarekin, «ez da herritarren arteko berdintasun printzipioa bermatzeko urratsik eman».

«Aldaketa honekin –azpimarratu du– oraindik ere nafar guztiak ez dira berdinak izango legearen aurrean eta hori onartezina da XXI. mendean eta gutxiago aldaketaren Gobernuaren eskutik».

«Beste behin, hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla gogorarazi behar dugula iruditzen zaigu, eta zonifikazioak herritarren arteko bereizkeria besterik ez duela eragiten berretsi behar dugu», gaineratu du.

 Eremu mistora aldatzea eskatu duten udalerrien egoera ulertzen duela esan du Kontseiluko ordezkariak: «Ulertzen dugu udalen eskaria, urgentzia dutelako. Tresnak behar dituzte herritarren nahiak asetzeko eta testuinguru horretan zirrikitu bila ibiltzea ulergarria da. Bestalde, egiten duten diagnostikoa partekatzen dugu, esaten dutenean hizkuntzagatiko diskriminazioa pairatzen dutela euren herrietako bizilagun euskaldunek».

«Dena den –esan du– gogoratu behar dugu eremu mistora igarotzea, ez dela bermea hizkuntza-eskubideak errespetatzeko. Aukerak zabaltzen dira eta hauek betetzea beti borondate politikoaren baitan dago».

Azkenik, Bilbaok esan du duela hainbat hilabete aipatutakoa berresten duela: «Oposizioan zeudenean izandako jarrera bera izan dezatela agintea sustengatzen dutenean. Gaur ikusi dugu laukoa osatzen duten alderdiek Lege berria egiteari ate bat zabaldu diotela. Legegintzaldiaren erdian, lege aldaketa egin da, legegintzaldi amaierarako, lege berria nahi dugu: Euskararen Legea».