INFO

Iker Araguas aske geratu da, bederatzi urteren ondoren

Iker Araguas iruindarra aske geratu da gaur goizean, bederatzi urteko espetxealdiaren ondoren.


Ocaña II espetxetik atera da gaur goizean Iker Araguas iruindarra, bederatzi urte preso egin ondoren. Senide eta lagunak han zituen zain.

20.30ak aldera harrera egin diote Araguasi Iruñean.  Ahotsa. infok ekitaldiko une ederrenekin bideo ekoiztu du. 

Iturramako gaztea 2008ko urriaren 1ean atxilotu zuen Iruñean Polizia espainolak, Ibai Azkona, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarikerekin batera. Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak agindu zuen operazioa eta Segiren aurkako sarekaden baitan kokatu zuten. Handik astebetera beste lau gazte atxilotu zituzten Iruñerrian –Iker Aristu, Mikel Marin, Iñaki Marin y Diego Octavio–, haiek ere Segirekin zerikusia zutelakoan.

Guztiak inkomunikatuta eduki zituzten eta torturak salatu zituzten

2015ean epaituak eta absolbituak

2015ean epaitu zituzten Iruñerriko hamar gazte Segiko kide izatea leporatuta, horien artean Araguas bera. Hasiera batean fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatzen zuen baina gero eskaera sei urtera jaitsi zuen. Azkenean, guztiak absolbitu zituen Auzitegi Nazional espainolak. Epaiketan zehar inkomunikazio aldian jasandako torturak salatu zituzten gazteek.

Hala ere, Iker Araguasek kartzelan jarraitu zuen, 2010ean, beste epaiketa bat medio, kondenatu egin zuelako Auzitegi Nazionalak, kale borroka leporatuta.