Eraso sexistak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Zarautz eta Sopelan
Ehunka lagun bildu dira Zarautz eta Sopelako udaletxeen aurrean egin diren elkarretaratzeetan azken egunotan bi herriotan izandako eraso sexistak arbuiatzeko. Zarauzko erasoaren ustezko egile espetxeratu du epaileak eta Sopelakoa aske gelditu da, epaiketa zain, atzo Ertzaintzak atxilotu ondoren.
Zarauzko mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea ‘Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista!’ lemapean egin da Udaletxe aurrean.
Ehunka lagun bildu dira bertan, tartean Xabier Txurruka alkatea eta udalbatzako kideak edo Imanol Lasa, Gipuzkoako Aldundiko eleduna.
Era berean, Zarauzko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, talde guztien adostasunez (EAJ, PSE, EH Bildu eta Irabazi), adin txikiko batek jasandako bortxaketa gogor gaitzesten duen adierazpena onartu du, biktimari elkartasuna adieraziz eta harentzako errespetua eskatuz. Indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura ere badela azpimarrat dute.
San Pelaio jaien baitan jazo zen erasoa, ekainaren 27an. 18 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak eta epailearen aurretik pasa ondoren espetxeratu egin dute.
Sopela
Ordu berean Sopelako Udaletxe aurrean bildu dira herrian izandako beste eraso bat arbuiatzeko.
Bart manifestazioa egin zuten eta gaur, Udaleko Bozeramaleen Batzordeak deitutako elkarretaratzea egin dute.
Eraso sexisten aurrean tolerantzia 0 eta herritarren erantzun tinkoa. Erasorik ez erantzunik gabe #Sopela pic.twitter.com/INuROUm7wn
— Asier Vega (@asier_vega) July 2, 2017
Batzordeak aho batez onartu zuen gaitzespenean erasoa jasan zuen andreari elkartasuna adierazi zioten. Erasoa salatu eta euren haserrea azaldu zuten talde guztiek. «Gaitzetsi egiten ditugu emakumeak errespetatzen ez dituzten jarrera guztiak, hasi keinu eta jarrera sexistetatik eta eraso muturrenekoetara». Gertatu dena argitzeko ikerketa azkarra eskatu zuten eta herritarrei deia «ez daitezen geldi eta isilik egon eta eraso sexisten konplizitate keinu guztiak arbuiatu ditzatela».
Kasu honetan, Ertzaintzak 21 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo. Epailearen aurretik pasa zen eta epaiketa zain aske gelditu da.