Mondragonen balantzea: salmentak %0,3 gora eta enplegua %0,9 behera
11.399 milioi euroko salmentekin –aurreko urtean baino %0,3 gehiago– eta enpleguan beherakada txiki batekin –%0,9 gutxiago– itxi du Mondragon taldeak 2016a, kongresuan azaldu duenez.
650 konpromisario zeuden deituta atzo Donostian egin zen Mondragon taldearen urteroko kongresura, bertako kooperatiba guztien ordezkari. Iñigo Ucin lehendakariak zoriondu egin zituen korporazioak izan duen «bilakaera onagatik», eta ekitaldi honetan bide beretik segitzen dutela agertu zuen.
2016aren balorazioa baikorra izan zen oro har. Salmentetan 11.399 milioi euro lortu zituzten orotara, aurreko urtean baino %0,3 gehiago. Industriari lotutako salmenta gehienak, %70, nazioartekoak izan ziren.
73.635 enplegu izan ziren. Aurreko urtearekin konparatuta, behera egin zuen pixka bat taldeak (-%0,9). Banaketa arloan gertatu zen galerarik handiena, hipermerkatuen sarean egindako desinbertsioagatik. Albiste ona industriak eman zuen, 1.404 lanpostu berrirekin.
Inbertsioak 457 milioi eurora iritsi ziren, aurreko urtean baino %44 gehiago. Berrikuntzaren arloan, I+Gko hamabost zentro ditu Mondragonek, guztira 461 patente familia ditu indarrean, eta 1.921 ikertzaile dabiltza lanaldi osoan.
Datuok emateaz gain, aurreko kongresuan aho batez onartutako ponentzia aipatu zuen Ucinek, “Etorkizuneko Mondragon” izenekoa. Bertan zehaztutako politiketan aurrera doazela baieztatu zuen.
“Balioen bizipena” izena du ponentziako atal batek. Bertan agertzen diren prestakuntza eta heziketa kooperatiboko ekintzak eguneratu dituztela nabarmendu zuen lehendakariak. Saio korporatiboak egin dituztela aipatu zuen, enpresen arteko lankidetza hobeki garatzeko. Horrez gain, lantalde bat jarri dute martxan kooperatiben dinamika instituzionala hobetzeko, eta plan bat abiatu dute enpresak kokatuta dauden inguruetan eraldaketa sozialari lotutako jarduerak koordinatzeko asmoz.
Ponentziaren beste atal bat “Antolamendu egitura” da. Honi dagokionez, eredu malgu baterantz joateko helburua landu dute, Mondragoneko jardueren dibertsitatea aitortu eta negozio guztien arteko lankidetzarako aukerak hobetzeko. Proiektu traktore indartsuagoak proposatzen ditu eredu honek.
Iraunkor eta errentagarri
Azkenik, “Elkarren arteko lankidetzarako finantza fondoak eta tresnak” izeneko atalean proposatzen den bezala, negozioen errentagarritasuna eta iraunkortasuna ardatz dituen eredu baterantz doa taldea. Dagoeneko eratuta dauden bi fondo berri ditu oinarri: Kohesio eta Garapen Fondoa eta Hedapen Fondo Korporatiboa.
Datozen lau urteetarako kudeaketaren bide orria zehaztuta dator 2017-2020 Politika Sozioenpresarialean. Helburua negozioak kokapen lehiakor eta iraunkorretatik abiatuta garatzea da. Eta hori lortzeko bost estrategia definitu dituzte: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, lankidetza eta presentzia globala.
Iñigo Ucinek nabarmendu zuenez, beharrezkoa da proiektu partekatu batekin konpromisoa hartua duten pertsonak edukitzea lanean, garai berrietara egokitzeko gaitasuna dutenak, hala «atzetik datozenei proiektu lehiakor eta solidarioagoa izango duen kooperatiba bat uzteko».