INFO

Ongi etorri oihuek eta irrintziek babestu dute presoen brindisa

Euskal preso eta iheslarien ohiko brindisa egin dute txupinazoa baino ordubete beranduago Iruñeko Karmen Kaleko zabalgunean. Aske geratu diren bost preso izan dira protagonistak eta jende andanaren txalo zaparrada jaso dute. 

Aurten aske geratu diren bost preso nafarrek egin dute brindisa. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Irrintzien ondoren eman diote hasiera ekitaldiari, eta «Euskal presoak, Euskal Herrira» oihuekin batera igo dituzte eskailerak azken urtean aske geratu diren bost preso nafarrek, ondoren mikrofono aurrean hitz batzuk esateko. «Aurten ere hasi dira festak baina oraindik zapi gorri asko falta dira», azaldu dute. 

Aurretik txistularien eta agurraren tartea izan da, berriro irrintziak nagusitasuna hartu duen arte. Arturo Villanuevak mikrofonoa hartu du, eta ‘Eusko Gudariak’ abestiaren aurreneko hitzak ahoskatzea nahikoa izan da bertaratu den jende guztiak ukabilak altxatu eta batera abesteko. 

«Preso, errefuxiatu eta errepresialiatuengatik, topa! Euskal Herri libre batengatik, topa», adierazi dute, ondoren Euskal Herri libre baterako «gutxiago» falta dela gaineratuz. 

Urte asko igaro dira bost preso hauek uztailaren 6a eta sanferminak, orokorrean, bertatik bertara bizi izan zituztenetik. Hori horrela, hunkituta agertu dira. Arturo Villanueva duela 13 urte eta erdi erbesteratu zen eta aurten geratu da aske: «Hodei batean nago milaka pertsonaren babesa ikusita, 14 urte eta gero alkate independentista eta ezkertiarra duen hirira itzultzea izugarria da».

Txanpain botila ireki, aurreneko tantak guztiei eskaini eta bost preso-ohiek topa egiten zuten bitartean inguruko lagunen edalontziak zerura igo dira, elkartasuna adieraziz.