INFO

Ekitaldiz gainezka egingo du Areatzak konpartsek antolaturiko egitarau oparoarekin

Bilboko konpartsak pixkanaka ezagutarazten ari dira sare sozialen bitartez Aste Nagusira begira antolaturiko ekitaldi ezberdinak. Goitibeheren jaitsiera, mus txapelketa, saskibaloia, kukaña, Aerobithoia, igel toka, piraguak, xakea, txikigunea edo lehiaketa gastronomikoak izango dira egunean zehar Areatzan burutuko dituzten ekimenetako batzuk.

Bilboko Konpartsak.

Gero eta gutxiago falta da Aste Nagusia hasteko eta Bilboko konpartsak lanean ari dira etengabe. Txosnetako dekorazioak prestatzen dituzten bitartean, Kaskagorri eta Otxarkoagako Pa...Ya konpartsakoek igo dituzte argazki ezberdinak, Areatzan antolaturiko ekitaldi ezberdinak iragartzen ari dira twitter, facebook eta webgunearen bitartez.

Asteazken honetan jakinarazi dutenez, irekita dago Goitibeheren jaitsieran izen emateko epea datorren abuztuaren 15erarte. Aste Nagusiko lehen igandean, abuztuak 20, ospatuko da Zabalbide kaletik behera egiten den jaitsiera. Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioak (EHIKF) antolatuko du eta lehiaketa Euskal Ligaren 9. proba puntuagarria da. Hala ere, edozein goitibeherazalek har dezake parte.

Honekin batera beste hainbat txapelketa eta ekimen izango direla ezagutarazi dute. Esaterako Aixe Berri konpartsak antolaturiko 3x3 basket txapelketa edo jadanik aski ezaguna den toxinak askatzeko bikaina den Aerobithoia.

Ibaizabalgo uraren egoeraz ika-mika izan den arren, aurten ere kukaña izango dela jakinarazi dute konpartsek eta mus txapelketa abuztuaren 22an egingo dutela. Belaunaldiz belaunaldi pasatzen den Igel Toka, xakea eta Magic kartekin jokatzen den txapelketak ere izango dira.

Txikigunea eta piragua igoera ere izango dira.

Bestalde, aurten ere Aste Nagusiko «pasapotea» izango dela zabaldu dute. Txosnetan izango dela azaldu dute eta helburua txosna bakoitzatik pote bat hartu ostean zigilua ezartzea eta guztiekin betetzea da.

Lehiaketa gastronomikoen inguruan berritasunak izango dira. Alde batetik, Konpartsakide egunaren aurkezpenean azaldu zuten bezala, patatak saltsa berdean izango dira. Bestetik, Arrain Fish Festival bezala izendatu dituzte gastronomikoaren programaren baitan antolaturiko txipiroi, makailoa pil pil eta bizkaitar erara eta marmitako lehiaketak.