INFO

Hegaluzearen bidean barrena

Duela hilabete inguru hasi zen hegaluzearen kanpaina euskal arrantzaleentzat, eta 1.500 tona baino gehiago jaso dituzte jada. Portuetatik hasi eta kontserba industria zein jatetxeetaraino, hegaluzeak herri honek betidanik itsasoarekin izan duen lotura mantendu eta lanpostu ugari sortzen ditu.


Goizeko seiak pasatxo dira Getariako portuan, oraindik ez du argitu ere egin, eta mugimendu ugari nabari da kaiko lonjen inguruan. Astebete kanpoan pasa ondoren, arrantzaleak bueltan dira hegaluzea deskargatu eta enkantean saldu ahal izateko. Hain zuzen ere, duela hilabete hegaluze denboraldia ireki zenetik, euskal portu guztietan jaso diren 1.524,5 tona hegaluzetik gehientsuenak Getariako portuan deskargatu dira, 675,8 tona. Arrantzaleak pozik daude, aurten hegaluzea kostatik gertuago harrapatzen ari baitira eta honek itsasaldia murriztea, zein produktuaren freskotasuna eta kalitatea handiagoa izatea ahalbidetzen baitie.

Aurreko urteko zifrekin alderaturik, aurten, zenbakietan behintzat, behetik dabiltza. Iazko kanpainan sei mila tona inguru hegaluze harrapatu baitzituzten arrantzaleek. Hala ere, oraindik kanpaina urria erdialderaino luzatzea espero dute eta, beraz, kopuruak gora egitea.

Hegaluzea portuan deskargatu bezain laster, hau enkantera eraman behar da, erosleek ahalik eta azkarren saltokietara eraman dezaten asteko arrantza. Oraindik ez dira zazpiak, eta dagoeneko lehen itsasontziek arrantzatutakoa hasi da lonjako enkante gelatik igarotzen. Bertan erosleek produktuaren tamainaren eta kopuruaren arabera salmenta prezioa ezarriko dute. Aurten, hegaluzearen batez besteko prezioa kiloko 4,30 euroko langan kokatzen da.

Kalitate eta iraunkortasunak ere garrantzi berezia du euskal portuetan. Izan ere, hegaluze harrapaketen %85 inguru Eusko Label zigiluarekin markatu da aurtengo denboraldian. Horretarako, hegaluzeak 4 kiloko gutxieneko pisua gainditu behar du. Bestalde, euskal portuetara iritsitako hegaluze oro metodo tradizionalekin harrapatutakoa da, kanaberaz eta xaxian edota kazan arrantzatutakoa.

Gazteen hutsunea

Oraindik ere Getaria bezalako herrien identitate zeinu da herriko portua eta honek sortutako jarduera ekonomiko guztia. Hala ere, deskarga egun batean portutik ibilalditxo bat ematea besterik ez dago arrantzaleen kezka nagusiaz konturatzeko: oso gazte gutxi ikusten dira itsasontzietan zein portuan lanean; belaunaldi ordezkapena kolokan dago. Euskal kostaldean hiru arrantza eskolak baino ez dituzte itsas jardueren inguruko erdi eta goi mailako heziketa zikloak eskaintzen eta gutxi dira horietatik arrantzara igarotzen diren ikasleak. Alderdi hau indartzeko asmoz, Lakuako Gobernuak Itsasoratu programa jarri zuen martxan iaz. Programa horren bitartez, itsasoko jardueren inguruko heziketa zikloetako ikasleek udan hilabete oso bat igaro dezakete euskal itsasontzi batean arrantzan. Iaz, zortzi ikasle animatu ziren itsasoratzera eta aurten, aldiz, 18 dira itsaso zabalera igarotzeko jauzia egitera ausartu diren ikasleak.

Itsasotik lehorrera

Behin portu ingurua utzita, hegaluze guztia saldu denean, honek bi bide egin ditzake: saltokietara zuzenean edota hau tratatu eta eraldatuko duten kontserba enpresetara. Getariatik bost kilometro eskasera, arrantzale izaera galdu izanagatik ere, itsasoarekin lotura galdu ez duen herria da Zumaia. Bertan Nardin kontserba enpresa dago, arraina eskuz baino tratatzen ez duen kontserba fabrika. Hemen, arrantzaleek harrapatutako hegaluzea zatitu, garbitu eta hainbat kontsumo formatutarako prestatuko dute. Hegaluzeaz gain, ozpin, oliba olio edo gatzunetan jarritako antxoak ere prestatzen ditu Nardin enpresak. Nabarmentzekoa da, oraindik ere, arrain kontserben industrian lanpostuen ohiko genero bereizketa historikoa mantentzea, jasotze eta zama lan gehienak gizonezkoek egiten baitituzte eta emakumeak baitira azken produktua garbitu eta ontziratzeaz arduratzen direnak. Zatiketa hau garbi ikusten da Zumaiako familia kontserba-fabrika txikian ere.

Gogoratu beharra dago EAEn, gaur egun, guztira 65 establezimenduk dihardutela arraina prozesatzen eta 1.760 pertsona enplegatzen dituztela. Gainera, arrain kontserben esportazioak 229 milioira iritsi ziren 2016an. EAEko elikagaien esportazio guztien %28 inguru izan zen hori; ondorioz, kontserben industria soilik ardoaren industriaren atzetik geratu zen esportazioei dagokienez.

Arraindegiak mehatxuan

Kontserba industrietara ez doan hegaluzeak egin ohi duen beste bidea gure herri eta auzoetako arraindegi txikietarakoa da. Gaur egun, ordea, kontsumo ereduak aldatu, eta gero eta gehiago kontsumitzen dugu merkataritza kate handietako saltokietan. Hau da Zumaiako Sasiain familiak duen arraindegiak bizi duen egoera. Urte luzez arrain salmentaren monopolioa izan zuten herrian Sasianena bezalako arraindegi txikiek, baina Zumaian ireki berri diren Eroski eta Super BM merkataritza kate handiek kalte ugari egin diete.

«Guk ezin dugu arraindegia goizeko bederatzietatik gaueko hamarrak arte zabalik izan, ezta komertzio handi hauen langile kopuru bera kontratatu ere», azaldu zuten kezkaturik Sasian familiako kideek. Egoera honi aurre egiteko, ordea, kalitatearen alde betidanik egindako apustua berretsi dute: «Agian, kantitatean eta prezioan ezin gara eurekin lehiatu, baina nire arraindegira etortzen den herritar orok badaki hemen erositako arraina euskal kostaldean arrantzatutakoa dela».

Azkenik, hegaluzeari platererako bidea egitea baino ez zaio geratzen bere bidaia luzea amaitzeko. Azken urrats honetan garrantzi berezia du Euskal Herria, eta euskal kostaldea bereziki, nabarmendu duen eskaintza gastronomikoak. Hau baita gure kostaldeko herrien zigilu nagusietako eta urtero turista ugari erakartzen dituena. Getaria, Hondarribi edota Orioko kaleen xarma ez litzateke berbera euren jatetxetako parrilei darien arrain usainik gabe.

Egun, EAEko BPGaren %1a baino ez du suposatzen nekazaritzak eta arrantzak, lehen sektoreak. Baina arrantzaleen bizitza eta honi lotutako langile ororen esperientziak ezagutzen dituenak badaki euskal kostaldearentzat arrantzaren ondarea datu ekonomiko huts bat baino nortasun zeinu sakon eta bereizgarria dela.