Munduari begirada
Jarduera kriminal odoltsuenen parekotzat jotzen dute zientzialariek, hainbat animalia eta landare espezie desagertzeko zorian baitaude bizitza basatiaren inguruan mugitzen den legez kanpoko merkataritzaren erruz. Zifra zehatzak ematea zaila den arren, irabazi handiak ematen dituela argi dago eta, WWF erakundearen arabera (Naturarentzako Mundu Funtsa), nazioarteko merkatu ilegalen «taulan» animalia eta landare basatien salerosketa laugarren tokian kokatzen da, narkotrafiko, gizakien salerosketa eta produktu-faltsutzearen atzetik. Negozio ilun honen errentagarritasuna zuzenki proportzionala da bere suntsipen ahalmenarekin. Planetaren biodibertsitate galeraren bigarren eragilea da, habitat-suntsiketak soilik gaindituta.
Tamalez, isileko ehiza eta merkataritza ilegala kontinente guztietan aurki daitezke. Ehiza ekialdeko Afrikan eta Latinoamerikan egiten da, batez ere; salmenta, Txinan... eta Estatu espainolean hein handi batean. Arazoa urruti dagoela uste dutenek jakin dezatela flora eta faunarekin loturiko trafikoaren foku aktiboenetakoa Iberiar penintsulan kokatzen dela, eta punta-puntan dagoen eskaera maskotena dela. Interpolen datuen arabera, narkotrafikoak darabiltzan bide berberak erabiltzen dituzte animalia eta landareen trafikatzaileek. Modak izaten dira, baina batez ere narrasti eta anfibioak mugitzen dituzte, baita intsektuak ere.
Desagertzeko arriskuan. Hau ekiditeko asmoz, Poliziaren kontrolez gain, Ekuadorren basa egoeran harrapatutako anfibioen legez kanpoko merkataritza geldiarazteko ekimen bat bultzatzen ari dira: anfibio arraro eta koloredunen biomerkataritza etikoa, alegia. Quitotik 10 kilometro eskasera dago San Rafael herria eta bertan dago Wikiri enpresa zientifiko pribatua. Bertan igel mota desberdinak hazten dituzte, horietako batzuk endemikoak edota egoera naturalean desagertzeko arriskuan daudenak. Hazi eta gero AEBetara, Japoniara eta Europara bidaltzen dituzte.
Eta zenbatean eros daitezke hor hazitako igel bitxiak? Ez dira batere merkeak, 600 bat dolar estatubatuarretara ere irits baitaitezke.
«Negozio honek mugitzen duen dirutzaren adierazle bat besterik ez da», esan digu Lola Guarderas Wikiriko kudeatzaileak, beirazko igel bat erakusten digun bitartean. Igelak duen azal gardenari esker, bere organoak eta bihotz gorriaren taupadak ikus ditzakegu. 5.000 metro karratuko instalazio zientifiko hau Los Chillos izeneko haran beroan dago, ibai baten ertzean. Bertan eraikitako laborategietan ugaltzen dituzte anfibioak, basa populazioan ez baitute eraginik sortu nahi. Honi esker biomerkataritza etikoaren zigilua lortu ahal izan dute. Guztira 40 espezie «lantzen» dituzte; horien artean, Agalychnis spurrelli izeneko (Spurrellen tximua), Cruziohyla calcarifer (hosto ederrekoa), Hypsiboas picturatus (zuhaitz koloreduna edo Chachi) eta Hyalinobatrachium aureoguttatum (Eguzki kristalezkoa).
Eraikin berean dago Ikerketarako eta Kontserbaziorako Jambatu gunea, Guarderasen koordinazioaren mende hau ere. «Honek ez du zerikusirik espezieen trafiko ilegalarekin, zeinak zuzenean basora joan eta ahal eta nahi duena hartzen baitu, gero esportatzeko. Horrek basa populazioan min handia eragiten du», salatu du. Ekuadorren basanimaliak harrapatzea eta merkaturatzea debekatuta dago.
Ez da harritzekoa, planetako biodibertsitate handiena duten herrialdeen artean baitago; esate baterako, 600 igel mota ditu –ezagutzen direnak, agian gehiago egon daitezke–, horietatik 186 desagertzeko arriskuan. 2005. eta 2014. urteen artean, 1.280 milioi dolarreko etekinak izan omen zituzten ehiztari eta merkatari ilegalek.