Kataluniako prozesuaren alde mobilizatzearen «berebiziko garrantzia» azpimarratu du Sortuk
«Kataluniako prozesua babesteak euskal errepublikara hurbiltzen gaituela» iritzita, katalanen burujabetzaren aldeko apustua berretsi eta kale mobilizazioak duen «berebiziko garrantzia» nabarmendu du Sortuk, larunbateko hitzorduan parte hartzeko deia eginez.
Ohar baten bitartez, Sortuk azaldu du Katalunian abian den prozesuak «Francok ‘lotuta eta ongi lotuta’ utzi zuen ‘Espainia bakar, handi eta librea’ kolokan utzi» duela. «Gero eta agerikoagoa da, 78ko erregimen oligarkikoak bere pribilegioei eusteko diseinatu zuen ‘Autonomien Espainia’ Madrildik zuzendutako proiektu zentralista eta demofobikoa dela», adierazi du.
Euskal herritarrak edo katalanak etorkizunaz erabakitzeko prest agertu diren bakoitzean, Estatu espainiarrak «ezezko borobila» eman duela gogoratu du ezker abertzaleko alderdiak.
Demokrazia «herritarren hitza eta erabakia errespetatzea» dela nabarmendu ondoren, Sortuk azpimarratu du «kataluniarrek urriaren 1ean erreferenduma egiteko eskubidea dutela eta erabakitzen duten hori errespetatu behar dela». Ildo horretan, baiezkoak irabaziko balu «78 erregimenaren zutabe nagusiak ahulduko liratekeela sinetsita» agertu da alderdia.
«Horregatik diogu hau ere gure borroka dela, Kataluniako prozesua babesteak euskal errepublikara hurbiltzen gaituelako», esan dute.
Kataluniaren burujabetzaren aldeko apustua berretsi ondoren, kale mobilizazioek «berebiziko garrantzia» dutela nabarmendu du Sortuk eta, hortaz, EH Bilduk hilaren 12an, arratsaldeko 17.00etan, Donostiako Artzai Onetik abiatuta egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du.