«Anbizioa» eskatu du Rafa Diezek Muskizen: «Indarra badago»
Euskal Herrian da jada Rafa Diez Usabiaga, eta muga pasa bezain laster Santoñan debekatu den ekitaldian burutu da, Muskizeko Pobeña auzoan. 400 lagun ingururen aurrean, egindako bideaz «harro» ageri da eta etorkizunari begira «indarrak integratzea»ren aldeko apustua egin du, honek «ilusio kolektiboa» sortuko duelakoan.
Ikurriñen eta LABen ikurren artean sartu da Rafa Diez Pobeñan, hara hurbildutako ehunka lagunen besarkadak eta animoak jasoaz. Eta ohiko duen analisi politikorako gaitasunarekin mintzatu da gero, etorkizunari begira eta zintzo: «Zerbait falta zaigu, anbizio falta dugu, herri bezala harrotasun sano hori falta zaigu». Hala ere, «baikorra naiz», nabarmendu du Rafa Diezek, euskal Estatuaren alde dauden indar guztiak «integratu eta bertebratzea» lortu ezkero «ilusio kolektiboa piztu eta palanka berriak sortuko ditugulako».
Balizko akordio horiei begira, gaur egun «eliteen arteko Maltzaga» lortzea ez dela posible aitortu du, baina adostasun hori herri mailan guztiz egingarria dela erantsiz. Maltzaga hura batasun sindikalean, Gure Esku Dagon edota Eskubide Sozialen Kartan ikusten duela adierazi du Diezek, txalo artean. Bide hau jorratzeko, «beste kultura politiko bat» eta «eskuzabaltasuna» beharko direla esanez amaitu du bere hitzaldia.
Eskerrak emateko –«ez dut sentitzen ari naizena adierazteko hitzik»– eta «harro» sentitzen dela nabarmentzeko aukera ere izan du Diezek Pobeñako ekitaldian: «Harro 42 urte hauetan LABek egindako ekarpenaz, eta harro duela 8-9 urtetan sustatu genuen estrategia aldaketarekin ere. Horregatik espetxeratu gintuzten, horrela prozesu politikoa neutralizatuko zutelakoan, baina ez dute lortu, eta ez dute lortuko», aldarrikatu du.
Hasieran zein bukaeran, euskal presoak izan ditu gogoan, bai eta beren senideak ere. Eta puntu honetan bereziki Badajozen zendutako Kepa del Hoyoren Maite neskalaguna eta Peru semea aipatu ditu. GARAk pasa den igandean argitaratutako elkarrizketak zeharo hunkitu zuela esan du Rafa Diezek: «Ikaragarria izan da, aspaldi ez da hain gordin eta hain garbi azaldu presoek jasaten dutena».