INFO

Orkresta txaranga elektrikoaren emanaldi sorpresak gaupaseroen omenez

Ez dira inongo egitarautan ageri eta beren helburua, gaupaseroei omenaldi xume bat eskaintzea da. Bilbo Zaharreko giroa alaituko dute Orkresta elektrotxarangako kideek emanaldi sorpresekin.

Orkresta elektrotxaranga.

Ez duzu jakingo noiz, ez duzu kartelik ikusiko, ez dituzu espero, baino gaupaseroa bazara agian topatuko dituzu. Orkresta txaranga elektriko ibiltariaz ari gara. Urteak daramatzate Bilboko Aste Nagusian emanaldi sorpresak egiten. Horretarako, asteko edozein goizetan gaupaseroentzat aski ezaguna den «Bilbi» auzoan agertzen dira. Ez daude inongo egitarautan, hori da talde honen filosofia, arauak apurtuz askotan estaltzen duten Bilbo errebelde hori aldarrikatzen baitute.

Emanaldi honekin ez dute inolako irabazi asmorik, musutruk egindakoa da, gaupaseroei omenaldi xume bat eskaini nahian.

Orkresta 2007 jaio zen, aurretik, «elektrotuna» elektro-txaranga zenaren oinordeko bezala. Elektrotuna Euskal Herriko elektro-txaranga aitzindaria da, zaharrenetarikoa, 1999an sortua. 2006ean, ordea, barne arazo batzuk sortu ziren, azkenean taldea apurtzera eraman zituenak, taldekide batzuk beste lagun batzuekin urte bat beranduago Orkresta elektro-txaranga sortuz.

Taldean normalean bederatzi pertsonak jotzen dute emanal- dietan, baina hamahiru kidez osatuta dago, txandaka ibiltzen baitira beharren arabera. Bilbotarrak dira gehienbat, Santutxukoak, baina taldekide batzuk Ugao, Zeberio edo Ezkerraldekoak ere badira.

Gaur egun elektro-txarangen fenomenoak eztanda egin du, honen adibide dira urtero ospatzen diren elektro-txarangen topaketak. Zaila da jaietako programazioetan ez ikustea. Mugimenduan doan musikarekin poteatzeko aukera ahalbidetzen du, gazteek batez ere disfrutatzen dute.

Bilboko jaiak, eredu bat

Orkrestarentzat Bilboko jaiak eredu bat dira, politikoki zein sozialki, batez ere kontuan hartuta zelan sortu ziren, hau da, Bilboko auzo ezberdinetako jendearen indarraz eta mugimendu sozialen babesaz. «Euskaldun bezala harro egoteko jaiak dira, eredu bat», diote taldeko kideek.

Hala ere badaude zuzendu beharreko gauza asko, batez ere azken urteetan salatzen ari diren eraso sexistak: «Mikro-matxismoarekin akabatu beharra dago». Bilboko jaietan zer dagoen sobran galdetuta, azkar erantzuten dute, egungo radio formulak edo musika komertzialak duen indarra, eta honek, musika alternatiboari irabazitako espazioak.

Honen adibide garbia da regetoia, ez erritmo edo musika estilo bezala, bazik eta, atzean dituzten enpresak mezu argi batekin: «Herri honetan soberania musikala galtzen ari gara», salatzen dute.

Soberan ikusten duten beste gauza bat da Azkunaren garaitik jaiek jasan izan dituzten erasoak, modelo parte hartzailea desitxuratu eta suntsitu nahian. «Batzuk jai herrikoi eta parte hartzailetik, espainiar estatuko zenbait hirien jai modelo kontenplatibora pasatu nahi dute».

Aurretik esan bezala, Bilboko Aste Nagusian egiten duten emanaldi hau ez dute inoiz iragartzen, ordu batzuk lehenago ahoz aho lagunei eta ezagunei esaten diete akaso. Aurten emanaldia emateko intentzioa dau- katen arren, guri ere, ez digute ezer aurreratu. Gaua luzatzen bazaizu, goizeko ordu txikiak arte, agian topatuko dituzu. Edozein mozorroz jantzita, beraien kaxa, bonbo, saxo, tronpeta, gitarrez zein mikroez armaturik eta Eskorbuto, Kortatu, Hertzainaken doinuez lagundurik, parrandak ez du etenik izango. Jaiak ez baitu ez ordutegirik, ezta egitarauen beharrik ere.