INFO

Txosnek hitz egiten dute

Bilboko jaietako izarra Marijaia bada, txosnak dira honi indarra ematen diotenak. Biek indarrak baturik Aste Nagusia bizipozez janzten dute, baina atzean lan handia dago.


Txosnak dira bai, baina ez edariak eta ogitartekoak zerbitzatzeko barra hutsak. Areatzaren mutur batetik Arriagaren atzealderaino konpartsek jarritako irudimenak eta lanak herri eragileen aldarrikapenei aurpegi, irudi eta lelo ezberdinak ipini dizkiete. Zelan, bestela, ikus zitekeen Aste Nagusiaren bihotzean bertan Berta Caceresen omenezko irudi erraldoia, Komantxeren marrazo kapitalista, Hontzak-en «Carnicerías vaticanas» entzutetsua edota Kaskagorrin euskal gazteriaren 20 metroko Asterixen dorrea? Banan-banan bisitatzea da gomendagarriena. Bilbon txosnek hitz egiten dute.

150 tona mekano tubo, olanazko 1.200 metro karratu, egurrezko 1.500 xafla baino gehiago eta 1.100 litro margo erabili dituzte txosnak altxatzeko. Ez da kopuru makala konpartseroek eurek emandako datuari begira, eta hala ere ez du gehiegi esaten, edo ez du behintzat eraiki duten guztia deskribatzen. Azpiegitura erraldoi horietara hurbildu behar da gertutik lan hori ikusteko. Izan ere, Aste Nagusiaren gauza erakargarri horietako bat bilakatu da txosnen dekorazioa ikusteko bisita, eta batek daki denborarekin ibilaldi gidatuak antolatuko ote diren. Zenbait konpartsa eta txosnek zer kontatu badute, eta hamarkadetan herri honen historiaren zati bat ere izan dira.

Banan-banan hartuta, aurrean jarri behar da atzean duten lanaz jabetzeko. Bakoitzak forma bat hartu du, ez dago horri buruz ezer idatzita. Gai nagusia, mezuak, apainketa... urtean zeharreko asanbladetan erabakitzen dira. Adierazpen askatasuna zutabea izanik, badaude hainbat mezu komun. Konpartsen jai eremuan, presoak Euskal Herriratzearen aldeko mezuak, eraso eta jarrera matxisten aurreko plantoa, Altsasuko gazteak askatzeko eskaera, Errekaleor, gaztetxeen defentsa edota errefuxiatuei ongietorria dira, besteak beste, jai eremuan nagusitzen diren leloak. Hala ere, onena banan-banan ikustea da, jendetza biltzen ez den orduetan. Ikusteko asko dute, baita erakusteko ere: antolakuntza, irudimena, satira, inplikazioa, konpromisoa eta jairako gogoa... uztartzen dira, eta ez edonolako jaietara dei eginez, baizik eta elitismorik gabeko eta herritarrek herritarrentzat egindako jaietara deituz.

Luze joko luke Txomin Barulloren beteranotik gazteriak altxatzen duen Kaskagorrirainoko txosna guztien ibilbidea islatzea, baina badaude hainbat apainketa deigarri. Hontzak konpartsa anarkistaren dekorazioa polemikoa izan da. “Carnicerías vaticanas” izenpean irudikatutako harategiak zauriak zabaldu ditu zenbait sektore katolikotan. “Ni Dios ni amo” leloa duen txosnan apainketa horri buruz hitz egin zioten GARAri txupinazoaren aurreko orduetan. Zehaztu zutenez, erlijioaren aurka baino desobedientziaren aldeko mezua islatu nahi dute aurten, Mozal Legearen aurkakoa, eta «babesten diren superstizioak» dauden bitartean etengabe jazarrita dagoen arrazionaltasunaren aurreko hausnarketa proposatu nahi izan dute. «Edozein gauzari buruz eman daiteke iritzia pertsonen integritatea errespetatzen den bitartean, zenbait gotzainek astakeriak esaten dituzte emakumeei buruz, homosexualei buruz eta inork ez du beraien kontra jarduten», ohartarazi zuen gorri-beltzez janzten diren konpartseroetako batek.

Azaldu zuen, bestalde, muntaia konplexua dela eta hilabeteak behar izaten dituztela. Beste konpartsa askotan bezalaxe, talde berezi bat arduratzen da apainketaz, eta Aste Nagusiaren lehenengo urtetik txosna zabaltzen duen Hontzak konpartsan arte munduko lagun talde bat aritzen dela zehaztu zuten.

Mekauen, Sin Kuartel eta Bizizaleak konpartsen Triangunean Berta Caceres Hondurasko aktibista erailaren omenezko irudi erraldoia ikus daiteke. Bizizaleak-eko txosnako mezuak honakoa dio: «Gure herriak elikatzen ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko». Ondoan duen Sin Kuartelen, iaz hogei urte bete zuen izen bereko konpartsa antimilitaristaren txosnen muntaiaz galdetu zuen GARAk. Esan zutenez, egunero 25 lagun eta momentu zehatz batzuetan 40 lagun ibili dira lanean, egitura ikusgarri bat eraikitzeko. Barra, sukaldea, denda eta aparteko gune bat dute, edozein konpartseroren gozamenerako, txoko pribatu bat, «pribatua» esan ahal bazaio konpartsek duten ezeri.

Urtero gai bat pentsatzea

Handik asko urrun gabe, komikietako orrialdeak erakusten ditu Pinpilinpauxak, “El poder de SuperMarijaia” ikusarazteko, sexu askatasunaren aldeko mezuaren ondoan. Eguzkizaleak kobazuloetara itzuli dira aurten, eta «zuen aurrerapena, herriaren pena» dio lelo nagusi batek. Garapen basatiaren aurreko hausnarketa proposatzen dute, eta bizitzari duen garrantzia itzultzea; suaren inguruko dantza, sustraiak eta gizakien arteko harremanen boterea, garapen materialistaren aurrean.

Moskotarrak konpartsako txosnak arrakasta du txikien artean, bertan eskegi ohi baitituzte Marijaiaren pololoak eta abarreko jantziak. Askapeñan, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena ekarri dute gogora, eta Merkelek eta Urkulluk gidaturiko hegazkinak dituzte ikusgai. Gerra inperialistak salatu nahi dituzte, baita zenbait komunikabideren boteretsuen aldeko kontakizuna ere. Euskal Herriko ezker mugimendua ere sinbolizatu nahi izan dute Periko Solabarriaren irudiarekin.

Athleticen zaleak omentzen dituen Irrintziren ondoan Munduko Jendeak konpartsak migratzaileen argazki erraldoi eta gogor bat jarri du ikusgai, milaka lagunen dramaren aurreko arreta deitzeko. Ondoan, Otxarkoagako Paya-koak boltxebikez jantzita agertu ziren inauterietan, Errusiako Iraultzaren mendeurrena gogora ekarrita, eta Aste Nagusirako euren proposamena gai hori izan da, Bilboko auzoen izenekin hitz jokoak eginda. Horrela, Otxarkoagari «auzobiet» deitu diote, Deustuko tomate ezagunak «elikadura burujabetzarekin» lotu dituzte, Begoña «etxebizitza eskubidearekin», Ibaiondo «langileen duintasunarekin», Uribarri «langile borrokarekin» eta Abandori «rebeldes con causa» ezizena jarri diote.

Kaixok Cabacasen irudi handia du eta «Inor ez dute erailtzen ahazten ez badugu. Gora Pitu» leloa idatzi dute. Euskalgunean Hau Pittu Hau-koek «hitz sarea osatu» leloa dute armiarmaz beteriko txosna batean, eta Komantxen marrazo handi bat eskegi dute txokorra hortzen artean duela.

«Askatasunera» dute mezu nagusia Txori Barroten eta altuera handiko egitura eraiki dute, goiko txori ezaguna ikur dutela. Bilbok oraindik dituen 34 presoak ur bidoietan daude barroteen atzean, baina barroterik ez duen bidoi bat ere bada, etorkizun hurbil bateko Euskal Herria sinbolizatzen duena.

Txosnen eremuko beste muturrean Kaskagorrik 20 metroko dorre gorria eta Asterixen irudia duten ikur nagusiak altxatu ditu. Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenari begira jarri dira hauek ere. «Gernikako errautsetatik berpiztu da herri hau eta bizirik dirau gaur egun», mezua islatu nahi izan dute, baita ere Gernikan bezala gaur egun beste leku askotan burutzen diren sarraskiak. «Ez dira irudi biak isolatuta ikusi behar, biak batera doaz, borrokan eta eraikitzen jarraitzen duen gazteriarekin, aurrera bagoazela esateko», azaldu zuten.

Gaineratu zutenez, muntaia ez da Aste Nagusiaren aurreko hamar egunetan hasten, urtarrilean hasten dira diseinua pentsatzen eta horren arabera beharrezkoa duten egitura eta lanak aurreikusten, arkitekto baten zuzendaritzapean. «Soberan dakigu zer egin behar dugun, urte asko dira eta honetan ere herri jakituria belaunaldiz belaunaldi pasatzen da», nabarmendu zuten.