Euskal zinemaren Irizar sarirako lehiatuko diren zazpi filmak (trailerrak)
Guztira hamalau euskal filma izango dira Donostiako 65. Zinemaldian eta horietako zazpi lehiatuko dira euskal zinemari eman ohi zaion Irizar sarian. Sail ofizialeko biez gain (‘Morir’ eta ‘Handia’) Zinemirako hiru (‘Elkarrekin - Together’, ‘Bi txirula‘ eta ‘Non’) eta beste bi emanaldi berezietakoak (‘Operación Concha’ eta ‘Volar’) izango dira leihan.
Zinemaldiaren 65. edizioan sail ofizialean lehiatuko direnetako bi pelikulek euskal zinemaren Irizar sarian ere hautagai izango dira. Fernando Franco andaluziarrak zuzendu duen ‘Morir’ eta Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendu duten ‘Handia’.
‘Morir’(Fernando Franco). Ia osorik Euskal Herrian filmatu duten lanean Luis (Andres Gertrudix) eta Martaren (Marian Alvarez) bikote-krisia da abiapuntua. Zinemaldirako egokitutako laburpenean diote «gezurrak, erruak eta beldurrak bikotearen maitasuna eta egonkortasuna zalantzan» jartzen dituela.
‘Handia‘(Aitor Arregi eta Jon Garaño). Altzoko Handiaren istoria du abiapuntu lanak: «Lehen Karlistadan borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua».
Euskal zinemari eskainitako Zinemiran izango dira aurtengo zinemaldiko gainontzeko 12 pelikulak eta horietako hiru dira Irizar sarirako hautagai gisa onartuak izan direnak. ‘Elkarrekin - Together’, ‘Bi txirula’ eta ‘Non’.
‘Elkarrekin - Together’ (Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa). Aurrez ‘Nomadak TX’-n bat egin zuten Molina eta Iraburu nafarrak eta Otxoa gipuzkoarra eskutik datoz berriz ere bidaia honen kronikarekin. Euskal arkeologo espedizio batek AEBetako ekialdean hutsik dagoen irla batera egindako bidaia da oinarria, garaiko euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzaren froga bila doaz, orduko amerikarren eta euskaldunen arteko harremana eta elkarlana ditu hizpide filmak. Webguneanfilma laburtzeko diotena: «Espedizio txiki bat munduko nazio boteretsuenaren historia modernoko zimenduak esploratzen ari dira. Dokumental filme honek iraganerako bidaia batean murgilduko gaitu, etorkizunerako bidaia ere izango delarik. Beste mundu bat posible izan zela aurkitzen badute, beste mundu bat posible dela frogatuko dute».
‘Bi txirula’(Iñigo Garcia Agirrezabalaga). Laburpena: «Bi gizon oinez doaz. Ihesi. Hainbat paisaia igaroko dituzte lurralde lasaiago eta epelago baten bila. Txori migratzaileak bezala. ‘Bi txirula’ bidaia bat da. Bizirik irauteko egin beharrekoaz gain (janaria bildu, lo egin, babesa bilatu...), bizitzaz eta bestelako mundu baten aukeraz hausnartzeko denbora ematen duen bidaia.
‘Non’ (Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs). ‘Le Petit Théâtre de Pain’ antzerki talde ezagunaren baitatik sortutako asmoari tiraka osatu dute filma elkarlanean Aldudarrak bideo eta Derrière le Hublot elkarteekin. Frantziako hiri txiki bat da, 2016ko lan-erreformaren garaian. Radial enpresak bere ateak itxiko ditu greba gogor baten ondoren. Jeansé, Juliette, Bruno, Christine eta Pierre kanporatze-prima iraingarria irensteko elkartu dira. Etxerako bidean, Brunok bortizki uko egingo dio jendarme-kontrol bati. ‘Non’ film koralak langile talde baten kexa kutsakor eta sumindua kontatzen du. Kuadrila bat eromenean murgilduta, gelditzen zaien gizatasun apurra mantentzeko.
Horiez gain, Belodromoan emango duten ‘Operación Concha’ eta emanaldi berezien artean kokatu duten ‘Volar’ ere Irizar sarirako lehian izango dira.
‘Operación Concha’(Antonio Cuadri). Marcos Ruiz de Aldazábal, eskrupulurik gabeko enpresaria, porrot egin duen ekoiztetxe baten buru da. Etsi-etsian eta dirurik gabe, Marcosek eta bere taldeak plan bat antolatuko dute inbertitzaile milioidun bati iruzur egiteko. Horretarako, haien filmean lan egiteari uko egin dion Ray Silvela aktore prestigiotsuaren ordezkoa erabiliko dute. Donostia Zinemaldiaren esparruan hasiko da iruzur itzela, eta bertan ezer ez da izango dirudiena.
‘Volar’ (Bertha Gaztelumendi). Iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakumek asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak badira ere, gai dira hitzen beharrik gabe elkar ulertzeko. Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere. Gainera, beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute beren bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe.