INFO

CNA-Fagor taldeak 167 langile kaleratzeko asmoari eusten diola salatu du enpresa batzordeak

CNA-Fagor enpresako zuzendaritzarekin bilera izan ondoren enpresa batzordeak salatu du «plan berdina» aurkeztu dietela eta 167 langile kaleratzea aurreikusten duela konpainiak. Bihar batzarra egingo dute Garagartzan, eman beharreko urratsak aztertzeko.

Enpresa batzordea eta zuzendaritza bildu diren bitartean elkarretaratzea egin dute langileek Garagartzan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

CNA-Fagor enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera egin dute gaur Arrasaten, Garagartzan. Ohar batean langileen ordezkariek jakinarazi dutenez, CATAko zuzendaritzak «bideragarritasun planaren bigarren bertsioa» aurkeztu die, baina «benetan aurkeztu digutena lehenengo planaren bigarren bertsioa da» eta «aldaketa bakarra labeak muntatzeko proposamena» izan da. 

Horrek gehienez 160 langilerentzat enplegua sortuko luke eta «hasierako planeko gehienezko zifrara helduko litzateke». Soldata %10 jaistea ere proposatu du zuzendaritzak. Beraz, enpresa batzordaren arabera, 167 langile kaleratzeko proposamenak –hasiera batean 220 aurreikusi zituzten– bere horretan jarraitzen du.

CNA-Fagorren zuzendaritzak Garagartzako lantegian ez ekoizteko «erabaki politikoa» jakinarazi die langileen ordezkariei. «Proiektu industrialari uko egitea suposatzen du horrek», salatu dute.

Beren iritziz, enpresak «merkatal jarduera ekoizpenaren osagarri moduan ulertu beharrean merkaturatzean planteatzen du proiektuaren oinarria». «Drama sozial» honen aurrean, eragile desberdinen inplikazioa beharrezko jo dute eta datozen egunotan Lakuako Gobernua, Fagor eta Ekimen Berrirekin bilerak eskatuko dituzte.

Horrekin batera, bihar batzarra egingo dute langileek Garagartzan, goizeko 11.00etan, aurrera begira egin beharreko urratsak erabakitzeko.