INFO

Solokoetxe, Olabeaga, Miribilla eta Zabala; jai giroan

Iraila iritsi da eta Aste Nagusia aspaldi bukatu zela dirudien arren, festa giroan murgiltzeko aukera geratzen da oraindik Bilboko auzo ezberdinetan. Solokoetxe, Olabeaga, Miribilla eta Zabala jaiak ospatzen ari dira datozen egunetan.

Olabeagako jaiak.

Asteburu honetan zehar ospatuko dituzte Solokoetxeko jaiak. Ostiral arratsaldean burutuko dute txosnen irekiera, pregoia eta txupinazoa. Gauerako berriz, Serotonina eta Sonic Trash taldeen kontzertuak. Larunbat eta igandean ere ekitaldi andana antolatu dituzte Solokoetxen. Las Felliniren emanaldia larunbat gauean edo igandeko herri bazkaria dira aipagarrienak.

Ostiral arratsaldean, irailak 8, hasiko dira «ofizialki» Olabeagako jaiak. 19.30etan izango da pregoia, ikurriñaren igoera eta txupinazoa. Ondoren txosnak irekiko dituzte eta mozorro lehiaketa eta berbena egongo dira Koxkor taldearekin.

Hala ere, ostegunean, irailak 7, ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte. Arratsaldean antzerkia eta tortilla txapelketa izango dira eta gauean, Tokotera taldearen kontzertua.

Bestalde, astebururako egitarau oparoagoa prestatu dituzte. Goizez eta arratsaldez ekitaldi ezberdinak izango dira. Larunbatean esaterako, marmitako txapelketa ospatuko da goizean eta gauean Mal menor taldearen kontzertua eta berbena Ezetz taldearekin. Haurrentzako tailerrak eta puzgarriak, bingoa eta mus txapelketa ere egongo dira.

Igandean artisau produktuen azoka, Haize-Alai dantza taldearen ikuskizuna eta paellada herrikoia dira ekitaldi aipagarrienak.

Miribilla eta Zabalako jaietan berriz, kontzertuak eta lehiaketa gastronomikoak izango dira ekitaldi garrantzitsuenak. Ostiralean, paella txapelketa eta berbena izango da Ezetz taldearekin eta larunbatean DJ Oihan Vega.

Iganderako, elkartasun bazkaria antolatu dute txosnagunean. Bildutako dirua Feder erakundeari bideratuko diote gaixotasun arraroak ikertzeko.

Hurrengo asteburuan ere jaiak ospatuko dituzte Miribillan eta Zabalan. Irailaren 15ean, Elortegi Anayak eta Priscilla Band taldeek kontzertua eskainiko dute eta 16an marmitako txapelketa ospatuko da.