INFO

Aki Kaurismäkiren ‘The Other Side of Hope’ filmak jasoko du 2017ko Fipresci Sari Nagusia

‘The Other Side of Hope’ filmari esker, bigarren aldiz jasoko du Aki Kaurismäkik Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko (Fipresci) Sari Nagusia, Zinemaldiaren hasiera-galan jasoko duena. 2002an ‘The Man Without a Past’ filmarekin eskuratu zuen sari hori zuzendari finlandiarrak

Aki Kaurismäkiren ‘The Other Side of Hope’ filmaren fotograma bat.

Zinemaldiko antolatzaileek jakinarazi dutenez, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko (Fipresci) kideek ‘The Other Side of Hope’ izendatu dute 2017ko film onena. Botazioan mundu osoko 576 kritikarik hartu dute parte, eta 2016ko uztailaren 1a eta gero estreinatu diren film guztien artean aukeratu dute Finlandiako ekoizpen hau. Honako hauek izan dira beste bi finalistak: Oscar sariaren irabazlea, Barry Jenkinsen ‘Moonlight’, eta Ildikó Enyediren ‘On Body and Soul’, Berlineko Urrezko Hartza, Perlak sailean programatua.

Aki Kaurismäki (Orimattila, Finlandia, 1957) zinema garaikideko europar zuzendari garrantzitsuenetako bat da. Bere filmografiako funtsezko hainbat lan klasiko moderno bihurtu dira: adibidez, ‘Ariel’ (1988), ‘The Match Factory Girl’, (1990), ‘Drifting Clouds’, (1996), ‘The Man Without a Past’ (2002), eta ‘Le Havre’ (2011). ‘The Other Side of Hope’ filmarekin zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Kaurismäkik Berlineko azken zinema-jaialdian.

1999an sortu zenetik, maila handiko zinemagileak izan dira Fipresci Sari Nagusiaren irabazle: besteak beste, Pedro Almodovar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Paul Thomas Anderson, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller eta Maren Ade.

Aki Kaurismäkik irailaren 22an Kursaalen egingo den Zinemaldiaren hasiera-galan jasoko du Fipresci Sari Nagusia.