INFO

Aldarrikapen argi eta ozena: «Izar lehenbailehen Intxaurrondo Ikastolara»

Jendetza bildu zen atzo Intxaurrondo Ikastolaren aurrean Izar, Sara Majarenas euskal presoaren alaba, bertan egon behar dela aldarrikatzeko. «Ikasturte berriari hasiera eman diogu, baina hutsune handia daukagu, izan ere, Izar falta zaigu».


Jendetza bildu zen atzo Intxaurrondo Ikastolaren aurrean Izar, Sara Majarenas euskal presoaren alaba, bertan egon behar dela aldarrikatzeko. «Ikasturte berriari hasiera eman diogu, baina hutsune handia daukagu, izan ere, Izar falta zaigu. Gure nahia eta desioa zen Izar gurekin izatea, baina ez da posible izan», deitoratu zuten, eta haurra 2016-2017 ikasturtetik ikastolan matrikulatua dagoela gogoratu zuten, «eta kartzelatik ateratzean gurekin hastekoa zen».

«Asmo horrekin, aurreko abenduan ikastola, ikaskideak eta bere irakaslea izango zena ezagutzera etorri zen. Zoritxarrez, denok dakizuen bezala handik gutxira dena korapilatu zen, lehendik latza zena zailduz», esan zuten, Izarren egoeraz ohartaraziz jarraian. «Gaur egun amarekin dagoen arren, eta hori pozgarria da, Alcobendasen dagoen eskola berri batean eskolatuko da, berea ez den ingurune batean. Izar intxaurrondotarra da, haur euskalduna eta bere garapen psikosozialerako garrantzitsua da eskola euskaldun batean eskolaratzea».

Egoera honen aurrean, bildutakoek aldarrikapen argi eta ozena egin zuten: «Bere senideak eta lagunak hemen ditu eta hemen egon behar du, horregatik eskatzen dugu Izar lehenbailehen gure artera etortzera. Izar ikastolara!».

Pasa den igandean milaka lagun bildu ziren Donostiako kaleetan Izarrek Intxaurrondo Ikastolan ikasi behar duela aldarrikatzeko. Izarrek eta bere amak Madriletik deitu zuten herritarren babesa eskertzeko.