INFO

Jaizkibel konpainia, inoiz baino babes handiagoarekin bere 20. urteurrenean

20. urtez, Jaizkibel konpainiak Hondarribiko alardean parte hartu du, inoiz baino jende gehiagorekin eta babes handiagoarekin. Berdintasuna aldarrikatzen duten gizon-emakumeek Ertzaintzaren «babesik» gabe egin dute ibilbidea jai giroan; alarde baztertzailearen aldekoek plastiko beltzekin zain zituzten Kale Nagusian, azken urteotan bezala.

Jaizkibeleko gizon-emakumeek babes handia jaso dute gaur. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Goizeko 8.20ean abiatu da Jaizkibel konpainiaren desfilea Hondarribiko Alamedatik, Oihana Etxebarrieta kapitain berriaren gidaritzapean: Aurten Ertzaintzaren eskoltarik gabe egin dute ibilbidea alardean parte hartu duten gizon-emakumeek; Kale Nagusiaren hasieran eta bukaeran izan dira soilik poliziak, nahiz eta Jaizkibelekoak kezkatuta zeuden zer gerta zitekeen, batik bat kale horretan.

20. urteurrena bete du Jaizkibelek alardean eta inoiz baino jende gehiago bildu du aurten, laurehundik gora lagun. Jai giro ederrean egin dute ibilbidea eta espaloietan zain zeudenek txaloka hartu dituzte. Tentsio unerik handiena Kale Nagusian izan da, han baitziren alarde baztertzailearen aldekoak, aurten gerriranoko plastiko beltzekin, aurpegiak begibistan, eta Jaizkibelek ordutegia alda dezala eskatuz. Txaloak ere jaso dituzte Jaizkibelekoek, hala ere.

Emakunde, Arartekoa, Udalbiltza, EH Bildu, Podemos eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak han izan dira Jaizkibelekoei babesa adierazten, baita Denis Itxasko Gipuzkoako Kultura diputatua.