INFO

Azken hileotan Gasteizen izandako eraso homofoboak salatzeko kontzentrazioa egingo dute bihar

Udan zehar lau eraso homofobo erregistratu ditu Gasteizko Transbollomarika Sareak, horietako azkena Arabako hiriburuko jaietan, eta horiexek salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, asteazkena, iluntzeko 20.00etan Andre Mari Zuriaren enparantzan.


Ohar baten bitartez, Transbollomarika Sareak jakinarazi du udan zehar lau eraso homofobo erregistratu dituela, horietako azkena Andre Mari Zuriaren jaietan, gazte bati kolpeka eraso egin ziotenean.

Lau kasu horietatik, sarearen arabera, hirutan salaketa jarri da eta haietako batean gutxienez erasotzaileak identifikatu dituzte ertzain edo udaltzainek.

Azpimarratu dutenez, eraso horiek gertatutako eremua hainbat erakunderen eraikinetatik gertu dago eta, beraz, adierazi dute «kamerek, poliziek eta segurtasun agenteek erabat zaindutako» zonaldea dela. Hala ere, «kasu berriak ezagutzen eta salatzen» jarraitu behar izan dute, Gasteizko Udalak eremu horretan «polizien zaintza handituko zuela iragarri bazuen ere».

«Non daude udal zerbitzuak horrelako egoeratan? Zer nolako zaintza agindu eta eman da eremu honetan? Zelan gerta daiteke eraikin instituzionalak biltzen diren lekutik hain gertu erasoak etengabeak izatea eta inork ezer ez egite?», itaundu du Transbollomarika Sareak.

Zentzu horretan, eraso homolesbotransfoboak ekiditeko lan egiteko deia egin diete inplikatutako erakundeei, «indarrean dauden protokoloak aktiba ditzaten, hauek hobetuz, Gasteiz askatasunez eta errespetuz bizi ahal izateko hiria izan dadin».

Erasoren bat jasotzen dutenei edo haren lekuko izan direnei sarearekin harremanetan jartzeko deia egiteaz gain, polizia etxean edo epaitegian salaketa jartzeak duen «ezinbesteko garrantzia» nabarmendu du taldeak.

Azkenik, aipatu erasoak salatzeko bihar egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute. Hitzordua iluntzeko 20.00etan dago jarria, Andre Mari Zuriaren plazan.