Demokraziaren epika, Bartzelonaren bihotzean
Hautsi ez bada haustear behar du Espainiak 78an diseinatu zuen erreformak. Guardia Zibila Katalubiako Ekonomia eta Osasun sailean zen bitartean belaunaldi, kolore, janzkera eta izate orotako herritarrek egin baitzuten bat atzo «Votarem» oihupean. Gazteak, oso gazteak, ziren berturatutako asko. Epika berri baten protagonista eta, martxa honetan, laster, herri berri baten lehen belaunaldia izango dira.
8.00etan baieztatu zen Guardia Zibilak berak hainbat hedabideri aurreratutakoa, edozein marra gainditzeko prest da Espainia Kataluniak ez dezan botorik eman. Urriaren 1ean kalean jarri nahi dituzten hautetsontziak dira 78ko erregimena, estatu eredua eta Espainia bera hankaz gora jartzeko gai diren arma arriskutsuak, eta krabelinak hauen luzapen gisa mobilizazioetan. Espainiarekiko haustura nabarmen irudikatu zuen Ekonomia eta Ogasun Sailaren aurrean egun osoz luzatu zen mobilizazioak (edizio honen itxieran bere horretan jarraitzen zuen); zer eta Ogasunaren bueltan egin zuten bat instituzio eta herritar katalanek, «denok gara Hazienda».
Bizpahiru dozena lagun zeuden egoitzaren atarian Joan Tarda ERCko diputatua iritsi zenean, «bortizkeria nahi dute, baina ez diegu emango; irabazi egingo baitugu, demokratak garelako», esan zien honek. «Votarem» oihuekin eten zuten bere hitz hartzea instituzio katalanak babestera gerturatu ziren goiztiarrenek.
Guardia Zibilaren autoei independentziaren aldeko eranskailuak jarrita ziren ordurako, baita «demokrazia» zioten afixak ere. Egunak aurrera egin ahala goitik behera estali zituzten bertaratuek Guardia Zibilaren autoak eta eguerdirako dozenaka gaztek posizio finkoa hartu zuten auto horien berauen gainean. Goizean modu espontaneoan itxi zituzten herritarrek iluntzeko deialdiak lepo bete zituen Corts Catalanes kale nagusia eta Rambla de Catalunya.
Mossoak dozena bat furgonetarekin agertu zirenean Guardia Zibilaren «irteera operazioa» hasiko zen itxura zuen hark. Generalitat-earen egoitzaren barruan jarraitzen baitzuten, irteera guztiak herritarrek blokeaturik. Posizioak hartu eta tentsio uneak gazteenen eta polizien artean, «ez duzue senyera eramatea merezi», esaten zieten. ANCko dozenaka boluntario ingurua antolatzen hasi ziren orduan, lasaitasuna eskatzen eta poliziaren inguruan giza hesi bat antolatu zuten zalapartarik izan ez zedin.
Haziendaren bulegoaren inguruan gazte jendea zegoen bereziki arratsaldean, batzuk oso gazteak. Goizean banatutako krabelinek hor jarraitzen zuten eta pixkanaka Gobernuaren egoitzan irten ezinda ziren langileek ere egoitza apaintzeari ekin zioten, senyerak jarriz denean. Bandera berri bakoitzeko txaloak ziren nagusi bertaratuen artean, «independentzia» oihuak, «votarem», “Els Segadors” eta “L'Estaca” kantuak. Arratsaldean borobildu zuten, «Welcome to the catalonian republic» zioen pankartatzarra zabalduz.
Txalo gehien, hala ere, batean eta bestean agertu ziren hautetsontziek jaso zituzten. «Gaur demokrazia kalean dago» oihukatuz sartu zen gazte kuadrilla bat bazkalostean jende artera, «Espainia, hau da zure arazoa?» galdera zeraman hautetsontzia zuten eskuetan eta agertzen zen aldiro ingurukoen txalo zarta izugarria jasotzen zuen. Balkoi batean oraina eta geroaren arteko hitz jokoa: «Urna grande y libre».
Iluntzean Rambla Catalunya eta Corts Catalanes kaleetan kabitu ezina sortu zen, agertoki txiki bat inprobisatu eta protesta jai bihurtu zuten, hitzordua emanez bertaratuei: «urriaren 1ean ikusiko dugu elkar, botoa emanez». Erantzuna egun hauetan maiz entzun den «non daude boto paperak» polizia espainiarrei adarra joz.
Botoak eta hautetsontziak, 78ko espainiar erregimenak alergia dien bi elementu zentral, hala bizi izan zuten atzo protestan bildu zirenek, baita gazteenek ere. Hautetsontziak irudikatzen du sortzear izan daitekeen estatu berri honen epika, boto eta krabelinekin, Francok betiko lotuta nahi zuen hura hankaz gora jartzear baitira. Votarem, guanyarem.