INFO

«Gardentasun eza», Bilbao Bizkaia museoaren komunikazio teknikariaren kontratazioan

EH Bilduk salatu duenez, Bilbao Bizkaia museoaren komunikazio teknikariaren kontratazio prozesuan ez da bermatu «gardentasuna» eta Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du.


EH Bilduk Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du azalpenak eman ditzan Bilboko Bilbao Bizkaia Museoko komunikazio teknikaria aukeratzeko prozesuaren inguruan. Bilboko Erreprodukzio Museoa eta Bilboko Euskal Museoa barnebiltzen dituen erakundea, hain zuzen ere.

Azaldu dutenez, lan eskaintza prentsan argitaratu zuen, ekainean, Campo Ochandiano enpresak, zein erakunderentzat zela zehaztu gabe. «Bilbon dagoen izaera publikoko erakunde kulturala» zela bakarrik zehazten zen.

Azken asteetan, EH Bilduk jakin ahal izan du Bilbao Bizkaia Museoak erakunderako zela; Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren Kultura sailen menpe dagoen erakundearentzat.

Alba Fatuarte zinegotziak salatu duenez «lanposturako eskakizunen artean komunikazio arloko unibertsitate titulazioa eskatzen dela ikusentzunezko komunikazio master batekin batera, nahiz eta ohikoena izan masterra meritotzat hartzea soilik. Era berean, lanposturako beharrezko euskara ezagutza eskatzen da, nahiz eta horrelako postuetarako erakunde publikoek C1 edo EGA eskatu».

Fatuartek gaineratu duenez, deigarria da «publikoki ez azaltzea zein erakundetarako den lan  eskaintza, euskara maila edo beharrezko esperientzia ez zehaztea eta bai azpimarratzea master zehatz bat behar dela. Elementu horiek argi uzten dute aukeraketa ez dela berme guztiekin egiten ari, erakunde publiko batean beharrezkoak diren diskriminazioa eza eta gardentasuna bermatuz».

Hori dela eta, EH Bilduk azalpenak eskatu zizkion Udaleko kultura arduradunari abuztuaren hasieran. Oraindik ez dute erantzunik jaso eta Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu dute hautatze-prozesu horren inguruko azalpenak eman ditzan.