Belodromotik BEC-era, Lizasotik Arzallusera
1985ean hasi eta 86an amaitu zen Bertsolari Elkarteak antolatutako lehenengo Txapelketa Nagusia. Donostiako Belodromoan jokatu zen finala –lehenengo aldiz– eta berritzailea izan zen txapelketa hura: Euskaltzaindiak antolatu zituen ordura artekoak, baina antolaketa-moduekin zituzten desadostasunak medio bide berriei heltzea erabaki zuten bertsolariek. Ondorioz, bertsolariak beraiek izan ziren txapelketa antolatu zutenak, bertsozaleen laguntzarekin.
91 parte hartzaile izan zituen txapelketa hark eta nobedade bezala epaimahaiak puntuak momentuan eman zituen, epaile bakoitzak karteltxo bana jasota. Pixkanaka plazetan bere lekua hartzen ari zen bertsolari belaunaldi baten finala izan zen hura. Aurreko bi txapelak irabazi zituen Xabier Amurizarentzat azkenekoa izan zen eta alboan izan zituen Jon Lopategi, Jon Enbeita, Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Andoni Egaña, Iñaki Murua eta Jon Sarasua. Lizasok jantzi zuen txapela.
Egañak lehen txapela irabazi zuenekoa
1993an jantzi zuen lehenengoz txapela Andoni Egañak, eta ondorengo urteetan beste hiru gehiago eskuratuko zituen, harik eta 2009an Maialen Lujanbio gailendu zitzaion arte. Donostiako Belodromoan jokatutako hirugarren finala izan zen 93koa eta, besteak beste, urte hartan estreinakoz finalera sailkatu zen Unai Iturriagarekin aritu zen binaka zarauztarra, saio umoretsu bat osatuz.
Telebistarako jauzia emana zuen ordurako bertsolaritzak, eta hamarkada bat lehenago finaletako oholtzarako jauzia emandako bertsolari belaunaldiak hartua zuen plazako lekukoa. 93ko final hartan ordura arte inoiz sartutako jendetza handiena sartu omen zen Belodromora, eta oholtza gainean ziren, aipatutako Egaña eta Iturriagaz gain, Xabier Euzkitze, Sebastian Lizaso, Jon Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano, Aritz Lopategi eta Jokin Sorozabal.
Belodromoko azkena
Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga aritu ziren 2001eko finalean, Belodromoan jokatutako azkenean. Txapelketa gogoangarria egin zuen Lujanbio eta Egaña aritu ziren buruz-burukoan, eta zarauztarraren aldera erori zen txapela.
Ariketetako batean, Belodromoa Euskal Herriaren sinbolo bihurtu eta gaitzat jarri zieten bertsolariei. Manu Chaoren kantu bat bertso doinu bihurtuta ale ederrak utzi zituen Igor Elortzak.
Barakaldorako jauzia
2005ean jokatu zen lehen aldiz Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BECen. 13.000 lagun elkartu ziren bertan eta maila handiko finalaz gozatu zuten. Andoni Egañaren azken txapela ere izan zen (laugarrena), baita Amets Arzallusen lehenengo finala ere.
Unai Iturriagarekin lehiatu zen Egaña buruz-burukoan. Oso goitik aritu zen durangarra saio osoan zehar, eta bakarkako ariketa gogoangarria osatu zuen. Aurten, bada, uko egin dio Txapelketa Nagusian parte hartzeari, nahiz eta azken edizioan finalean aritu zen.
Azkenak: Lujanbio eta Arzallus
Egañaren nagusitasuna ukaezina izan zen: 1993tik 2005erako Txapelketa Nagusiak irabazi zituen. Aldaketa 2009an eman zen, eta garrantzitsua zen zen: lehen aldiz jantzi zuen txapela emakume batek; Maialen Lujanbio suertatu zen garaile. Hurrengo edizioan ere, hots, 2013koan, buruz-burukora iritsi zen hernaniarra. Amets Arzallusen aurka aritu zen, eta patuak txapeldun berri bat izatea hautatu zuen. Azken bi edizioek, beraz, bi txapeldun berri utzi dituzte.