INFO

Urriaren 11n Gabriel Arestiren ibilbidea gogoratuko dute Bilbon

Euskal Harria poema liburuaren 50. urteurrena ospatzeko, jardunaldi berezi bat antolatu dute Bilbon Gabriel Aresti Elkartearekin batera. Oskorri taldeak, Bernardo Atxagak, Arantxa Urretabizkaiak, Xabier Kintanak eta Jon Kortazarrek parte hartuko dute eta Agustin Ibarrola omenduko dute.

Gabriel Arestiren ibilbidea gogoratzeko antolatu duten egunaren aurkezpena.

«Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte» jardunaldia antolatuko dute urriaren 11an Euskaltzaindiaren egoitza nagusian.

Idazle eta euskaltzain bilbotarra ondo ezagutu zuen jendea bilduko da Bilboko Plaza Barrian. Horien artean, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak -sei pieza joko dituzte- edo Jon Kortazar.

Aldi berean, Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute jardunaldian. Bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako lana aipatuko du  eta Mikel Martinez aktoreak idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du.

Agustin Ibarrola ere omenduko dute, Euskal Harria poema libururako egindako grabatuak aztertuz. Arratsaldeko 19.00etan, Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaiaren arteko solasaldia izango da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira.

Koldo Narbaiza Bilboko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak gogoratu du Udala Arestiren lana berreskuratzen ari dela aspalditik.

Kontzertuak Euskaltzaindiaren egoitzan

Bilboko Udalarekin batera, sei kontzertu akustiko antolatu ditu Euskaltzaindiak, urrian eta azaroan egingo direnak. Urriaren 9an izango da lehena, Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak (Su Ta Gar) emango dutena; urriaren 16an bigarrena, La Basu eta Maisharekin; urriaren 23an Anariren txanda izango da, eta urriaren 30ean Inun zornotzarrarena.

Azaroan, berriz, Gorka Urbizuk joko du (6an), eta zikloa hilabete bereko 13an amaituko da, Niko Etxartek eskainiko duen kontzertuarekin. Kontzertu guztiak 20.00etan hasiko dir, eta sarrerak 18.30etik aurrera egongo dira salgai (5 eurotan)