INFO

Erreferenduma babestu eta EAJren jokabidea arbuiatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egin dituzte elkarretaratzeak. Bertan, Kataluniak igandean egingo duen erreferendumari babesa agertu diote. Era berean, EAJren jarrera salatu dute eta Geroa Bairi «elkartasuna adierazteko» eskatu diote.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babestu dute, gaur goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako elkarretaratzeekin.

Bilbon, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, «testuinguru politiko oso garrantzitsuan bizi dugu gaurkoa. 78Ko errejimena dago jokoan, handik eratorritako lurralde eredua eta eredu ekonomiko eta soziala dago jokoan». Zentzu horretan herritar katalanek erreferenduma egiteko duten «eskubidea» nabarmendu du. «Erreferendum hori salbuespen egoera batean egingo da. PPren gobernuak PSOE eta Ciudadanos-en laguntzarekin erreferenduma oztopatzeko erabaki irmoa du». Honek, «demokrazia bera» jokoan jartzen duela adierazi du Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, «Kataluniarekin elkartasuna adierazi eta aldi berean erabakitzeko eskubidea ukatzen duen PPrekin akordioak ez dira bateragarriak».Horregatik, EAJren ardura azpimarratu nahi izan du. «EAJk oso ondo daki PPrekin ez dagoela nazioa garela eta erabakitzeko eskubidea dugula jasoko duen marko juridiko berri bat adosterik. PPrekin dagoen tarte bakarra, momentu honetan gobernuan duen ahultasunaz baliatuz, herri honi iruzur berri bat egitea da».

ELA idazkari nagusi Adolfo Muñozek ere Estatuaren eta EAJren jarrera salatu ditu: «Estatuarentzako nazioen nahiei erantzuteko bide bakarra errepresioa da». Jokabide honetatik «ondorioren bat» ateratzeko eskatu dio EAJri. «Bateraezinak dira Rajoyren lege Estatua eta herri euskal herritar eta katalanaren eskubide demokratikoa».

Geroa Bairi, referenduma babesteko eskaera

Iruñean aldiz, LABeko ordezkari Imanol Karrerak hartu du hitza. «Langileon aldetik, Geroa Bairen Gobernuarentzat eskaera bat egiten dugu: Kataluniarekiko babes eta elkartasun osoa adierazi dezala, eta errepresioaren aurkako jarrera argia azaldu dezala».

Karreraren esanetan, «ziur gaude katalanek urriaren 1ean bozkatuko dutela. Eta ziur gaude euskaldunok ere egunen batean bozkatuko dugula. Ilusionatu, motibatu, aktibatu eta mobilizatu gaitezen. Mobilizatua dagoen herri bat gauza handiak lortzeko gai delako, badugulako indar nahikoa estatuari bigarren fronte bat irekitzeko».