INFO

Oihana Iguaranek eguzki-ahotsez konkistatu du Leitza

Ederra izan da Leitzako finalaurrekoa. Sarrerak bukatuta, 1.210 lagunek bete dute udal kiroldegia. Baita berotu ere, bertsolarien izerdia lekuko. Herrira ere zabaldu da giro aparta.

Bigarrenari 28 puntu atera dizkio Iguaranek. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Eta Oihana Iguaranek eguzki-ahotsez piztu du entzulea. Hala lortu du saioa irabazi eta bigarrenari 28 puntu ateraz finalaurrekorako zuzenean sailkatzea. Kartzelan bide bereziena hartu duena izan da segur aski. «Zure giltza-sortatik giltza ateratzen ari zara». Hori zuten gaia.

Eta Amasakoa lau urteren ondotik alkatetza uztera doanaren paperean sartu da. «Ona da agintaldia lau urtera mugatzea/ aurreak agertu arren nola dantzatu atzea/ askok desio baitzuen nere lana zapaltzea/ ta askok desio zuen nere postua galtzea/ neretzat ez zen nahikoa agintean azaltzea/ behintzat lortu det ateak herriari zabaltzea», kantatu du bigarrena. Eta hirugarrena hala bukatu du: «Esaten duten moduan beteko balitz ojala/ ate bat ixten denean leiho bat zabaltzen dala».

Zortziko Txikian ere primeran moldatu da Iñaki Apalategirekin. Honek ariketa honetan jo du goia. Oporretara abiatu dira biak. Batek wifia nahi du, bertzeak ez. «Oporretara goaz biok elkarrekin/ kontsultatu ostean 'Atrápalo', 'Booking'/ behar dituzu wifi kobertura ta pin/ pixka bat konektatu ezazu nerekin», eskatu dio Iñakik, eta hala erantzun Oihanak: «Gure konexioa da juxtu problema/ arazo bat dalako aspertzearena/ retransmititu nahi det Instagramez dena/ besten inbidia da oporren onena».

Agin Laburuk ere ederki maneiatu ditu ofizio, puntu-erantzun nahiz kartzela. Azken ariketa honetan amari kantatu dio, etxea utzi behar duen semearen ahotsetik. Hona hirugarrena: «Zurekin bizi ditut etxea ikastola ta parkea/ adoleszentziz tratatu ditut mundua ta gizartea/ heldutasuna iritsi da ta hau hirugarren partea/ etenez gero katea/ emango dizut bakea/ baino tokatu litekeena bueltatu behar izatea/ giltza eman dizut baino bazpare zabalik utzi atea».

Puntuak:

Oihana Iguaran 714

Agin Laburu 686

Iñaki Apalategi 685

Julio Soto 678,5

Unai Agirre 674,5

Oihana Bartra 619,5