INFO

Europar Batasuna atzean uzteko bidea lehentasuntzat jotzen du Askapenak

Mugimendu internazionalistak 30. urteurrena ospatu du Berriozarren. Garaiak ezegonkorrak diren jakitun, haustura elikatzeko unea dela deritzo, horrek agertoki politiko berri bat irudikatuko lukeelako. Hori palanka gisa erabiliaz, Europar Batasuna atzean utzi nahi du.


Hiru hamarkadako ibilbidea beteta, etorkizunera begira jarri da Askapena. Urteurrena Berriozarren ospatu zuen, eta bertan finkatu zuen erronka nagusia, lehentasuna duena: Europar Batasunaren aurkako borroka.

Itsasoz beste aldean egindako lorpenak ahaztu gabe, kontinentean bertan «nahikoa lan» badagoela ohartarazi zuten: langileriaren esplotazioa, kontrolak eta jazarpena, arrazismoa eta xenofobia, errefuxiatuei oztopoak eta harresiak… «Europar Batasuna krisian dago (…) eta nazioartean eragin dituen gatazken ondorioak kudeatzeko zailtasun handiak izaten ari da», erantsi zuten. Horren adibiderik argiena, aipatu zutenez, errefuxiatuen afera da. Aldi berean, «prozesu independentistak areagotzen ari dira eta Brexitaren fenomenoak Europar Batasunetik kanpo bizitza badagoela jarri du mahai gainean».

Puntu honetan, nola ez, Katalunia izan zuten hizpide urteurreneko ekitaldi politikoan. «Konfrontazioa herri mailara eramatea lortu dute (…). Zilegi eta legala denaren arteko atakan herriak hautu garbia egin du eta gertatzen dena gertatzen dela, gatazka horretan herria izango da garaile», adierazi zuten.

Haustura aprobetxatu

Askapenaren iritziz, egoera honek pitzadura ekar lezake 78ko erregimenean eta, zentzu horretan, «ezinbestekoa zaigun haustura elikatzeko garaian gaudela sinisten dugu». Horrek «agertoki politiko berria» sortuko luke.

Kataluniak hartu duen bidea hartzea dagokio Euskal Herriari, euren esanetan. «Krisiak eragindako ezegonkortasuna aprobetxatu behar da, aldaketarako palanka gisa», eskatu zuten, onartuz, ez dela lan erraza. Besteak beste, Europar Batasunaren aurkako borrokan ezkerrak hartu duen «indefinizioa» dago eta, ondorioz, ultraeskuinak hartu du bere gain diskurtsoa.

Argi adierazi zuten: Euskal Herria Europar Batasunetik ateratzeko borroka Europar Batasunaren aurkako borroka da eta, aldi berean, hausturatik etorriko da espainiar zein frantziar estatuei aurre egiteko bidea. Honakoa «lehentasunez» martxan jarri beharreko bidea dela baieztatu zuen mugimenduak.

Elkartasun internazionalista oinarri, beste herri langileekiko elkartasuna praktikara eramaten jarraituko dute, esku hartze inperialisten rola eta harreman asimetrikoak ozen salatuko dituzte, baita EBk mugetan duen «jarrera hiltzailea» ere. Baina horretarako Askapenak bidelagunak beharko ditu; hala, formakuntza eta sozializazio lanak egingo ditu, besteak beste, «zer nolako Europan bizi nahi dugun» hausnartzeko.