INFO

CaixaBankeko bezeroak antolatzen hasi dira Nafarroan, entitatearekin lanik ez egiteko asmoz

CaixaBankeko 30 bezero inguru elkartu ziren atzo Iruñeko Katakraken, aurrerantzean entitate horrekin lanik ez egiteko asmoari nola aurre egin aztertzeko. Ohar baten bidez azaldu dutenez, beste 40 lagun ere jarri dira harremanetan ekimenarekin. Lehen urratsak kontuak ixtea, nominen helbideratzea aldatzea eta diru-gordailuak bankutik ateratzea izango dira.

CaixaBankeko 30 bezero inguru elkartu ziren atzo Iruñeko Katakraken. (Bagoaz CaixaBank)

Bileran bezeroek CaixaBankek Kataluniaren inguruan hartutako erabakiak arbuiatu zituzen: «Kataluniaren kontrako zigorra eta demokraziaren aurkako erasoa» direla salatu dute. Hala ere, desadostasuna aspalditik datozela azpimarratu zuten. «CAN xurgatu izana, etxegabetzeak, armetan egindako inbertsioak... baina orain gertatu dena gehiegizkoa da».

Martxan jarritako ekimena kontsumo arduratsuaren eta ekonomia solidarioaren testuinguruan jarri dute. «eEgunero hartzen ditugun erabakiak bi aldiz pentsatu beharra dugu, eta gure balioen kontra jotzen duten enpresekin ditugun harremanak berrikusi». Azaldu dutenez, proiektua «banaka hartutako erabakien multzo honetarako bide kolektibo bat irekitzea» du helburu, «bezeroak garen aldetik adierazteko haserre gaudela gure diruari emandako erabileragatik».

Haietako hainbat hasi dira dagoeneko kontuak ixteko tramiteak egiten. «Kasu batzuetan kudeaketa zailagoa izan daiteke, edo luzeagoa», azpimarratu dute. «Egoera horretan dagoenak gordailuak atera ditzake, baina konpromiso horiei erantzuteko behar den gutxienekoa utziz bankuan. Nolanahi ere, bakoitzak erabakiko du zein den komeni zaion aukera, eta zer bankutara eramanen duen dirua», aipatu dute.

Hurrengo egunetan jakinaraziko dizloote erabaki hauek CaixaBanki. Lehenbizi banaka eginen dute, bakoitzak bankuarekin duen harremana berrikustean, eta ondoren modu kolektiboan, entitateari helaraziko dioten idatzi baten bidez.

Hurrengo bilera baterako deia ere egin dute. Datorren astelehenean, urriak 16, 19:00etan, berriz ere Katakraken «ekimena nola doan aztertzeko, eta, komeni bada, ekintza gehiago planteatzeko».