INFO

Uste baino errazago kanporatu du Altunak Artola (22-7)

Mikel Urrutikoetxea finalerdietarako sailkatuta dago eta Ezkurdia eta Altunaren arteko partidatik irtengo da B taldeko bigarren sailkatua.

Goitik behera nagusitu da Altuna. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gauzak oso garbi geratu dira final laurdenetako ligaxkako B taldean Jokin Altunak Iñaki Artolari Eibarko Astelenan uste baino errazago irabazi ostean. Asteburuko emaitzekin, Mikel Urrutikoetxea finalerdietarako sailkatuta dago eta beste plaza datorren asteburuan jokatuko den Ezkurdia eta Altunaren aurkako partidatik irtengo da.

Aurreko asteko emaitzen ostean, bi pilotariak oso kezkatuta irten dira kantxara, baina amezketarrak askoz hobeto erantzun du egoera kritiko honetan. Beldurrak beldur, berea oso ondo egin du eta Artolak, gainera, gauzak asko erraztu dizkio, ez baitu bere mailarik ematerik izan.

Partida berdindu antzean hasi da, biek izan dute oso argi errestoan asko hobetu beharra daukatela aurrera egin ahal izateko eta txukun hasi dira, baina 5-3koaren ostean Artolak behera egin du nabarmen. Zalantza asko izan ditu, jokoan ez da Altunari airea kentzeko gai izan eta konturatzerako partidak alde egin dio, erantzuteko aukerarik gabe.

Bengoetxea, zalantzan

Bestalde, azken jardunaldia kolokan dago, Oinatz Bengoetxeak eskuin eskuko bigarren hatza hautsi baitzuen atzo Danel Elezkanoren aurka jokatutako partidan. Lehia irabaztea izan zuen arren, gauean egindako mediku probek erakutsi dute lesioaren larritasuna eta gaur erabakiko da jokatzerik izango ote duen. Asegarcen ez dira oso itxaropentsu.