INFO

Bilboko Udalaren ordezkaritza bat Detroit-en izango da

Udaletik azaldu dutenaren arabera, azaroaren 15etik 17ra Bilbao Urban Innovation and Leadership Dialogues (BUILD) izeneko foroa antolatu dute AEB-etako Detroit hirian.

Aburto Build foroan. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak eta Ameriketako Estatu Batuetako German Marshall Fund (GMF) erakundeak sinatutako hitzarmenaren ondorioz BUILD izeneko foroa antolatu dute Detroiten.

Udaletik azaltzen dutenez, akordioaren helburua da Bilbo «hiri eta ekonomia garapen iraunkorreko nazioarteko erreferentzia izatea Ameriketako Estatu Batuetan, bai eta hiri politika berritzaile eta integratzaileak diseinatzen eta ezartzen ere».

Gaineratu dutenez, Detroit hiriko ordezkariek interes handia erakutsi dute Bilboren eredua ezagutzeko. BUILD foroaren aurreko hiru edizioetan Detroiteko Udalak beti bidali izan du ordezkaritza bat Bizkaiko hiriburura.

Aurtengo edizioan, Detroitera joango den Bilboko udal-ordezkaritzak Bilbao Ekintza udal-sozietateko zuzendari nagusia den Nora Sarasola izango du buru. Eusko Jaurlaritza ere BUILD 2017 foroan egongo da, AEB eta Kanadako EAErako ordezkariak bertan parte hartuko baitu.

Euskal enpresa pribaturen sektoreari dagokionez, LKS eta Idom hurbilduko dira, eta akademiaren munduari begiratuz gero, Deustuko Unibertsitateko Deusto Cities Lab eta UPV/EHUko Ingeniaritza Eskola bertaratuko dira.

Fair Saturday ekimena ere ekitaldian egongo da kulturaren eta gizarte-ekimenaren ordezkari gisa. Bilbon sortu zen mugimenduak artearen eta kulturaren bitartez bidezkoagoa den mundu bat lortzea du xede.