INFO
Entrevue
ENEKO SAGARDOY
AKTOREA

Eneko Sagardoy: «Badut barru-barruan arrisku sentsazioa, asko gustatzen zaidana»

Zurrunbiloan sartuta eta sinetsi ezinik. Horrelaxe sentitzen da Eneko Sagardoy. Ez da gutxiagorako. «Handia» (Jon Garaño eta Aitor Arregi) filmaz gain beste hiru ditu estreinatzeko –«Errementari» (Paul Urkijo), «Cuando dejes de quererme» (Igor Legarreta), «La higuera de los bastardos» (Ane Murugarren)–. «Obabakoak» antzezlanean ari da eta ostiralean estreinatzen du «Heriotza bikoitza».


Elkarrizketarako hitzordura gatozela autobus bat ikusi dugu. Atzealdean irudi handi bat darama, “Handia” filmarena. «Oraindik ez naiz ohitu, niri ere inpresio handia egiten dit. Nire herrian, Bizkaibus batean! Ikusten dudanean fantasia-fikzio sentsazioa sentitzen dut. Denbora eta distantzia behar dut dena asimilatzeko. Ez dakit zelan gertatu den hau guztia», aitortu du Eneko Sagardoyk.

23 urte besterik ez ditu baina heldutasuna darie bere hitzei. Pasioz bizi du sorkuntza prozesua, errespetu handiz. Etengabeko bilaketa. Bilaketa artistikoa zein pertsonala, bi alorretan dituen ahultasunez jabetu ez ezik, horiei aurre eginez. Eta arriskuari eskua emanda ari da bidea egiten, izuaren bertigoak geldiarazi gabe, sabelean sentitzen dituen kilimak lagun.

Aurrean, sari, etengabeko erronkak. «Ni oso-oso autoexijentea naiz, barbaridade bat... iritzi onak jaso bai, baina zuk ere erronkak bilatzen jarraitzea oso garrantzitsua da», dio.

«Handia» filma oso ondo hartu du ikusleak, bai Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere.

Ahoz ahokoak oso ondo funtzionatu du eta zeozer ondo egin dugun sentsazioa badaukagu. Lau astez eskaini da herrietan eta datu oso onekin. Hori ez da inoiz gertatzen, eta euskarazko filmekin zer esanik ez.

Oso gauza bitxia eta adierazgarria gertatu da. Hiriburuetan –Madril, Bartzelona, Valentzia–, askoz hobeto funtzionatu dute bertsio originaleko emanaldiek bikoiztuek baino. Niri horrek, batetik, esperantza pizten dit bertsio originaleko zinemaren alde. Eta bestalde, erakusten du agian pelikula honek gehiago mugitu dituela egile-zinemaren jarraitzaileak zinema komertzialaren kontsumitzaileak baino.

Miren Gaztañagarekin batera «Heriotza bikoitza» antzezlana ere estreinatuko duzu ostiralean Azpeitiko Jardunaldietan.

Bai, “Heriotza bikoitza” ikus-entzunezko antzerki pieza da. Jon Ander Alonsok zuzendu du. Heriotza eta gero zer? galdera du oinarri. Klinikoki hilda egon eta bizitzara bueltatu den jende asko elkarrizketatu dugu eta euren puntu komunak azalduko ditugu. “El libro tibetano de la vida y la muerte” oinarritzat hartu eta performancea egin dugu, umoretik eta esperimentaziotik asko daukana. Publikoak mugan ikusiko gaitu.

Atzetik datorren lanaren emaitza bezala hartu duzu?

Bost urte daramatzat aktore profesional moduan, helduberria naiz. Faktore askoren batuketa da. Zortean oso gutxi sinesten dut eta lanbideak erakutsi dit zortea faktore bakar bezala hartuz gero ez duzula ezer ikasiko. Egindako lan bakoitzak ahalbidetu dit hurrengo proiektuetan lan egiteko aukera. Alegia, “Amodioaren ziega” lanean (Ander Lipusen aginduetara) euskara batua lantzeko eta naturalizatzeko aukera izan nuen lehen aldiz. Eta “Zergatik Jamil?” (Patxo Telleria, Mikel Martinez) antzezlanean preso dagoen marokoar baten papera egin ez banu igual Migel Joakinen gatibutza emozio hori urrunago edukiko nuke. Proiektu bakoitzak elikatu du hurrengo proiekturako aktore desberdin bat, Eneko desberdin bat eta sentsibilitatearen ariketa eta lantze etengabea izan da. Zu lanean ari bazara casting batera joaten zarenean entrenatuta zaude; ez ahaztu gu musikarien antzera garela, egunero entrenatzen dira eta nire helburua ere hori litzateke, aktore moduan egunero entrenatzea. Proiektuak bata bestearen atzetik kateatzeak jarraipena, jarioa eta neure buruarekiko konfiantza eman dizkit. Azken hau oso inportantea da.

Nola deskribatuko zenuke entrenatzen duzun gihar hori?

Arima. Blanca Portillok esaten du arimaren atletak garela. Ez hori bakarrik, musikari baten kasuan instrumentua ez da inoiz aldatuko, pertsona bai. Baina gure kasuan instrumentua gu geu gara eta bakarra da. Baina gure gorputza, gure burua, gure emozioak egunero aldatzen dira. Beste arte batzuetan ez da hain nabarmena, edo elementu solido baten gainean lan egiten dute. Gurea ezagutza lanketa da, lanketa artistikoa, baina baita norbere buruaren ezagutza, norbere ahultasunak identifikatzea bai artistikoki bai pertsonalki, eta horren aurrean zuk erabakitzea zer egin. Formakuntza jaso edo kolpeen bidez ikasi. Eta nik bietatik eduki dut. Ez naiz sekula interpretazio eskola batean egon, nik lan asko intuizioz egin ditut, baina teknika funtsezkoa da. Zelan joan naiz hori bereganatzen? Zorionez, lan eginez. Baina era berean lan horrek erakutsi dit non indartu behar dudan giharra. Ahulezia horiek indartzeko maisuak edo maistrak bilatu ditut orain arteko bidean eta berdin jarraituko dut.

Nondik abiatzen zara pertsonaia bat osatzerakoan? Gorputzetik, psikologiatik ala intuizio hutsez?

Gorputzetik. Gorputzak ematen dizu esateko era bat. Hala egin dut “Handia” eta “Errementari”-n, esaterako. Eta antzerkian zer esanik ez. Zineman gorputza askotan ezkutatu egiten da lehen plano batean, baina antzerkian une oro plano orokorrean zaude, hor gorputzak ezin du gezurrik esan. Zineman begirada da pertsonaia baten egia edo gezurra markatuko duena. Nik askoz organikoagoa sentitzen dut gorputzetik aritzea. Baina ez nuke teknikaz hitz egingo, batez ere ez dudalako ikasi teknikarik.

Horretaz damutzen zara?

Ezbai horretan nago. Lau urtez eskolara joaten baldin banaiz laneko geldialdiak faktura pasatuko didan beldur naiz, batetik. Bestetik, inork ez dit segurtatzen hurrengo urtean lan egingo dudanik. Apustua da. Nik apustu garbia egin dut Euskal Herrian lan egiteko eta ez dakit hurrengo apustua kanpora ikastera joatea izango den. Barruan badaukat dardara bat esaten didana ‘gelditu eta ikasi’. Baina noski, lanean ere asko ikasten dut. Zalantza da noiz egin geldialdia.

Aktoreak banitatez puztuta ikusten ditugu. Baina ideia hori apurtuz, behin aktore batek azaldu zidan bera erreminta hutsa dela zuzendariaren eskuetan.

Niretzat aktorea artearen ibilgailua da. Amets bat, beldur bat... publikoari errebelatzeko gaude gu. Egunerokotasunean pentsatu ez dituzten gauzak edo kontziente izan ez diren gauzak identifikatzeko leihoa da antzerkia niretzat. Gure lana artearen zerbitzura egotea da, alegia, obra garrantzitsuagoa da, aktorearen edo zuzendariaren interesa baino. Niri gustatzen zait pentsatzea obrak baduela boterea eta autonomia, zuzendari, aktore eta produkzio langileetatik baino askoz harago. Bizitza propioa daukala obrak. Eta gure lanak izan behar du hori intuitu eta obraren zerbitzura lan egitea. Zer gertatzen da? Borroka da aktorea maitemintzen denean akzio batekin, eszena batekin, itsutu eta ikusten ez duenean horrek ez diola mesederik egiten obrari. Entseguetan, oholtzan bertan, etengabeko sartu-irteneko lana izan behar du, ikusteko obrari mesede ala kalte egiten diogun.

Antzerkian publikoaren txalorik ez balego, zer aldatuko litzateke zuretzat?

Dena. Artistok besteentzako egiten dugu lana, baina gure saria publikoaren onarpena da. Ez ‘ona-txarra’ terminoetan, ‘mugitu nau edo ez’ edo ‘deskubritu dut edo ez’ terminoetan. Gaur egungo kodeetan txaloak dira horren adierazle, nahiz protokoloa den heinean egia galtzen duen. Baina badaude txalo laburrak edo ahulak, eta eragiten du, noski. Nire erronka da horren gainetik jartzea eta sinestea lan honetan. Eta egunen batean publikoak ez badu jaso, hori ere lanaren parte da.

Ez naiz hanka sartzearen beldur. Galtzeko ez daukat ezer. Badaukat barru-barruan arrisku sentsazio bat asko gustatzen zaidana. Zer pasatuko litzateke hau egin edo esango banu? Arteak ematen dit horretarako parada eta horregatik dedikatzen naiz honetara. Etengabeko bilaketan aritzea zoragarria da, baina hori publikoari eskaintzea ere behar dut. Bestea sukalde lana litzateke, funtsezkoa artista moduan hazteko, baina guztiari zentzua ematen diona aktorearen eta publikoaren arteko ibilgailu funtzioa da.

Oso erregistro desberdinetan egin duzu lan. Zure onerako zein ikusleenerako.

Bai, baina horrek beldur handiak ekarri dizkit berekin. Erronka handiak izan dira. Noski, sariak ere are handiago, norbere buruarekiko.

Eztitan zabiltza...

Nik ez dut horrela bizi. Ander Lipusek –askotan aipatzen dut erreferentea delako niretzat– dio ‘batzuetan arrakasta eta besteetan arrastaka’ gabiltzala. Behin baino gehiagotan esan diot neure buruari. ‘Eneko, hau pasatuko da...’ baina baita esan diot, ‘baina disfrutatu’. Bi esaldi horien arteko tartean dago nolabaiteko bakea.

Inoiz pentsatu al zenuen lanbide bihurtuko zenik?

Bai zera! Gauza batek bestea ekarri du. Ez du esan nahi inkontzienteki bizi izan dudanik hau guzti hau eta hautuak egin ditut.

Jose Martin Urrutia «Txotxe» pertsona klabea izan da zure ibilbidean.

Bai, berarekin hasi nintzen antzerkia egiten. Lehenik ikastolan eta gero Karrika antzerki taldean. Antzerkia maitatzen ikasi nuen, askatasunez jolasteko aukera eman zidan eta umiltasuna zer den ikasi nuen.

Gogoan duzu aktore sentitu zinen eguna?

Oraindik ez da gertatu. Eta neure burua aktore modura aurkezten dudanean deseroso sentitzen naiz oraindik. Eta da formakuntza ofizial hori ez daukadalako, garbi esanda. Aktore baten definizioa ez dizu tituluak ematen, baina praktikan kosta egiten zait. Eta era berean berdin dit. Zentzu batean ez naiz aktorea, edo aktorea baino askoz gehiago naiz: idatzi egiten dut, zuzendu nahiko nuke...

Pertsonaia bati zer eskatzen diozu?

Harritu nazala, eta ahal bada muturrera eraman, fisikoki edo psikologikoki. Neure burua hobeto ezagutzeko aukera eman diezadala. Hau esanda, iruditzen zait pertsonaia guztiak izan daitezkeela interesgarriak, eta diferentzia markatzen duena zuzendaria da. Niri eman ahal didate oskol izugarria baina atzean hariak modu interesgarri eta inspiratzaile batean mugituko dituena, bestela pertsonaia hutsik geratuko da barrutik.