INFO

Dispertsioak erahildako Sara Fernandezi omenaldia eginen diote Iruñean azaroaren 29an

Sara Fernandez 2003ko azaroaren 29an zendu zen, lagun bat bisitatu asmoz Valdemoroko espetxera bidean zela. Iruñeko Alde Zaharrean omenaldia egingo diote bere heriotzaren 14. urteurrenean.

Sara Fernandezi urtero egiten dioten omenaldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Iruñeko Alde Zaharreko auzokidea zen Sara Fernandez dispertsioaren eraginez hil zen 2003ko azaroaren 29an. Preso bat bisitatzera zihoanean auto istripua izan zuen Fernandezek, eta bertan zendu zen. 14. urteurrena dela-eta, azaroaren 29an, Iruñeko egunean, manifestazioa egingo dute 13:00ean eta omenaldia 13:30ean Aldapa kaleko Sararen txokoan.

Antolatzaileek gogora ekarri dute dispertsio politika martxan zenetik iragan diren ia hiru hamarkada haueta 16 pertsona hil direla errepideetan eta ehundaka istripu izan direla. Aurten, adibidez, zortzi. «Jakina da dispertsioaren helburu bakarra presoen ingurua zigortzea dela. Urteek aurrera egiten dute, eta egoerak antzeko jarraitzen du. Espainiako estatuak gerra logika batean jarraitzen du, eta ez du asmorik atzera egiteko», adierazi dute ohar baten bitartez.

Zentzu berean kokatu du espainiar Estatuak larriki gaixorik dauden presoekiko duen «gizatasun eza». «Ibon Iparragirreren kasua zentzugabea da. Zer nolako gizartetan kostu politiko handiagoa izan dezake hiltzear dagoen preso bat askatzea espetxean bertan hiltzea baino?», galdetu dute.

Kontrako aldean, frantziar Estatuan «zerbait mugitzen ari dela» nabarmendu dute, gogoratuz DPS estatusa kenduz zaiela dagoeneko zazpi euskal preso politikori eta beste hainbat kasu ere aztertko direla.

Bide honetan aurrera pausoak emateko, Iruñeko mobilizazioez gain, abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. «Baina keinu hauek orokortzeko nahitaezkoa da mobilizazioa. Guztiok dugu zita bat Parisen heldu den abenduaren 9an. Frantzia mugiarazteko, bertan dauden presoak hurbiltzeko eta soilik Frantzia mugitzen badugu mugituko baita Espainia».