Victor-Albisuk indartsu ekin diote Binakakoari (16-22)
Atzelariak asko agindu du atzean, baita asko defenditu ere, eta aurrelariak ondo asmatuta, erraz gainditu dituzte iazko txapldunordeak, Bengoetxea VI.a-Larunbe.
Txapelketari kosta egiten ari zaio tenperatura hartzea, baina Victor eta Albisuk oso kontuan hartzeko bikotea osatzen dutela erakutsi dute Logroñon, iazko txapeldunordeei 16-22 irabazita. Iaz ere elkarren aurka jokatutako bi partidetan Ezcaraykoa eta ataundarra nagusitu ziren, baina aurten biek ere koxka bat gora egin dutela berretsi dute Asegarcekoek.
Partida ez dute ondoegi hasi eta atzelariak eraman beharreko bi piloten ostean, bata sake errestoan, 4-0 aurreratu dira Bengoetxea VI.a-Larunbe. Hala ere, Galdakaoko pilotariak ere eramateko hiru sake bota ditu erreskadan eta markagailuaren kontrola hartu dute urdinek oso partida hasiera bizkorrean.
Handik aurrera, ordea, piloteoa gogortu da eta Larunbe ere txukun aritu den arren, Jon Ander Albisu nagusitu da atzeko koadroetan. Jotzeaz aparte, txokoa ere oso ondo kubritu du goierritarrak eta Oinatz Bengoetxea erabat jokoz kanpo izatea lortu du. Leitzakoak asko arriskatu behar izan du jokoan sartu ahal izateko eta ohikoa baino huts gehiago batu ditu, urdinak 10-16 eta 13-21 aurreratzeraino. Markagailua apur bat txukundu duten arren, gorriek oso urrun izan dute garaipena.