INFO

Aritza Monasterioren sariaNevado Hualcaneko ipar horman

Uztailaren 28 eta 29an, gipuzkoarrak Alik Berg kanadarrarekin «Nadie sabe nada» bidea (ED1, M6, 85º, VI) zabaldu zuen. Hormatzar horren lehen igoera izan da, eta, hego isuritik jaitsi ondoren, sokadak mendiaren zeharkaldi integrala egiteko aukera izan zuen.


Duela gutxi, Aritza Monasteriorekin ezusteko ederra hartu genuen. Denbora generaman andinista gipuzkoarraren berririk jakin gabe. Nahiz eta goi mailako andinista den eta azpimarratzekoak diren jarduerak egiten dituen, Monasterio oso zuhurra da. Horrekin esan nahi dugu egiten dituen eskaladak eskuarki berarentzat “gordetzen” dituela; ez ditu lau haizeetara gehiegi hedatzen.

Eta hori gertatu da Cordillera Blancan egin duen bere azken jarduerarekin. Uztailaren 28 eta 29an, Alik Berg kanadarrarekin batera Nevado Hualcaneko (6.125 m) ipar hormaren balizko lehen igoera egin du. Sokada honek “Nadie sabe nada” bidea zabaldu du. 1.000 metro luze da, eta konpromisoari zein zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, bada, azpimarratuko genuke kontuan hartzeko modukoak direla: ED1, M6, 85°, VI.

Bestalde, aipatu behar dugu Monasteriok jakin badakiela Andeetako mendietan nola “mugitu”; izan ere, 1993. urtetik Huarazen bizi da. Hango mendi gidaria izateaz gain, makina bat eskalada bikain egin ditu Alpamayon, Chacrarajun, Taullirajun, Siula Granden, Trapecion... Irakurtzen den bezala, eskarmentu handia du, eta Nevado Hualcaneko azken honetan ere erakutsi du ikaragarrizko gaitasuna duela.

Hori, besteak beste, bi eitetan ikusi dugu. Batetik, andinistok mendiaren ipar horma igo ondoren, hego isuritik jaitsi ziren; hau da, mendiaren zeharkaldi integrala egin zuten. Eta bigarrena, estiloa. Euskal andinistak beti estilo alpinoa aldarrikatu izan du, eta azken jarduera honetan, gainera, «goitik beherako estilo andinoa» gehitu dio. Monasteriok berak argitu digu hau guztia: «Nire ustetan, bide honek estilo alpinoak eskatzen dituen osagai guztiak ditu, baina, horretaz gain, andinismoaren ikuspuntu etiko batetik hainbat ‘osagai’ baztertu ditugu. Horrekin esan nahi dut jarduera honetan mandazainak, zama-eramaileak, kanpalekuaren zaintzaileak eta komunikatzeko gailu guztiak (telefono satelitala edo mugikorra) alde batera utzi ditugula».

Nahiz eta Hualcan joan den udan eskalatu duen, Monasteriok aurreratu digu duela hamaika urte ikusi zuela lehen aldiz; hain zuzen ere, Nevado Ultaren hego aurpegia igotzen saiatu zenean: «Batzuek diote Hualcanen ipar horma Cordillera Blancan igo gabe zegoen azken erronketako bat dela. Gure kasuan, Peruko Andeetan igo gabe zegoen horma erakargarri bat eskalatu nahi genuen. Oso urrun eta bakartua dago, eta mendi handia da; horrek guztiak asko erakarri ninduen. Gainera, balizko marrak aztertu nituenean, xede horrekin harrapatuta geratu nintzen; izan ere, ez nuen bat bera ere argi ikusten. Horrek marra hau igotzera animatu ninduen».

Nahiz eta pareta horren korapiloa askatzeko grina 2007. urtean sortu zitzaion, bi urte itxaron behar izan zituen saio bat egiteko. 2009. urtean Hualcanera joan zen, baina ezer gutxi egin zuen: «Eguraldi oso kaskarra izan nuen, eta glaziarrean kanpalekua altxatu eta aurrera jarraitzeko aukerarik ez genuen izan. Iaz ere, lagun esloveniar batzuekin egon nintzen, baina glaziarraren goialdean igarobiderik ez genuen aurkitu. Oso puskatuta zegoen, eta paretara hurbiltzea arriskutsua zen oso. Aipatutako guztiarengatik uste dut horma hori igo gabe zegoela».

Eguraldia lagun

Berg sokakideari dagokionez, aurreratu behar dugu Monasteriok ezagutzen zuela eta bazekiela goi mailako andinista dela. Baina aldez aurretik kanadarrarekin soka gerrira lotu gabea zen: «Joan den uztailaren erdialdera, Quentin Lindfieldekin Eki Chacrarajuren ekialdeko aurpegian bide berria zabaldu zuen. Ondoren, nire asmoen berri eman nion, eta Hualcanera elkarrekin joan ginen. Gure logistikak ez zuen berezitasunik izan. Sei eguneko jarduera bat izan zen, eta den-dena bizkar-zakuetan eraman genuen».

Huarazetik, autobusez, uztailaren 25ean irten ziren. Cancaraca Grande izeneko haranaren sarreran oinez hasi ziren, eta 4.200 metrora, lo egiteko soilik, kanpalekua altxatu zuten; hain zuzen, morrenaren alde batean: «Ez genuen, beraz, oinarrizko kanpalekurik atondu. Bigarren egunean, gaua glaziarrean igaro genuen. 5.000 metrora geunden, paretatik gertu, baina, era berean, arrisku objektiboetatik urrun. Hirugarren egunean, horma aztertu eta igo nahi genuen bidea aukeratu genuen. Marra hori ipar/ipar-mendebaldera begira dago. Han dauden balizko bideen artean, uste dut guk aukeratutakoa agerikoena eta arrisku gutxien duena dela. Laugarren egunean, bestalde, ia 5.900 metrora dagoen mistoko murru baten oinarrian bibaka egin genuen. Biharamunean, paretatik irten eta gailurra zapaldu genuen. Egun horretan, 6.075 metrora jaitsi eta beste bibaka egin genuen. Eta seigarren eta azken egunean, mendiaren zeharkaldi osoa biribildu genuen: hego isuritik jaitsi, Hualcan herrira gerturatu eta Huarazera heldu ginen».

Eguraldia lagun izan bazuten ere, Monasteriok onartu du hormaren oinarrira heltzea zaila izan zela oso; besteak beste, glaziarra oso puskatuta zegoelako: «Cordillera Blancako glaziarrak atzera egiten ari dira, eta horrek hurbilketak korapilatzen ditu. Eskaladari dagokionez, zaila eta arriskutsua izan zen; hain justu hori zen espero nuena. Alabaina, goialdeko mistoko tartea ez zen hain gogor eta arriskutsua izan. Paretan eginiko bibaka erosoa izan zen, baina lan eskerga egin behar izan genuen erlaitz bat antolatzen denda altxatu ahal izateko. Gau osoa soka gerrira lotuta izan genuen. Tenperatura asko jaitsi zen, eta, gainera, garaiera handira geunden».

Bide batez, euskal alpinistak “Nadie sabe nada”-n izaniko eskarmentuaren inguruan hausnarketa egin du: «Jarduera edo eskalada bakoitza bakarra da, ez soilik ikuspuntu andinista edo tekniko batetik begiratzen badugu. Uste dut igoera bakoitza norberarentzat bidaia bakarra dela; barrutik hazi egiten zaitu. Agian, hori guztia mistiko samarra izan daiteke, baina horrela sentitzen dut. Bestalde, inork bide hau errepikatu nahi badu aholkatuko nioke beste mendi edo eskalada batera joaten den motibazio berarekin joan dadila. Jakin beharko du eguraldi gaiztoarengatik edo baldintza desegokiengatik atzera egin behar badu, burua beti prest behar duela izan. Tresneriari dagokionez, esan behar dut andinismo teknikoan ohikoa dena erabili genuela: izotzerako zortzi torloju, elurrean sartzeko hiruzpalau hesola, friend joko bat, arrokarako iltzeren bat...».

Azkenik, sorterrira egiten ari den bidaia dela eta, Monasteriok honako oharra egin nahi izan digu: «Euskal Herrian nagoela aprobetxatuta, edozein mendi taldek nire ikus-entzunezkoren bat kontratatu nahi badu, hauek dira nire kontaktuak: +51 943 93 65 60 (whatsapp) edo aritzam@hotmail.com. Gogoratu behar dut, halaber, Huarazen mendi-gidari lanetan jarduten dudala: www.andinista-adventures.com».