INFO

Espetxeetako martxa ere Parisera begira, Fresneseko etapa amaitu ostean

119 urteko kartzela zaharrari buelta emanda amaitu du gaur bere ibilbidea espetxeetako martxak. Azken txangoa larunbat goizez izango da, Parisen izango den manifestazioarekin bat egiteko.

Espetxe martxa Fresneseko espetxearen perimetroa inguratzen.

Orain hiru aste Mont de Marsango espetxean hasitako martxak azkenaurreko etapa bete du gaur Fleury-Merogis eta Fresnes espetxeak lotuz. Azken honetatik ekingo dio larunbat goizean martxak azken txangoari Pariseko manifestazio handiarekin bat egiteko.

Laino artetik eguzkia nagusitu da gaur martxaren lehen minutuetan. Ez da atzoko hotzik izan eta ibiltariek eskertu dute, 9.00ak pasatxo ekin dio espetxeetako martxak berriz ere bideari Fleury-Merogisetik. Frantziako Estatuko espetxerik handiena eta bigarren handiena lotu ditu hartara martxak. Lehenean hiru euskal preso dira orain; Joseba Iturbide, Iñaki Reta eta Izaskun Lesaka; Fresnesen Xabier Goienetxea eta Arkaitz Agirregabiria.

Eguraldi nahasia izan da egun osoan. Eguzkia abiatzean, hoztera jo du goiz erdi aldera eta euritan, elur busti zantzu batzuekin, iritsi da eguerdiko etenera, Chilly-Mazarin herriko parke batera.

Atzo iritsita, martxara batu direnen artean zen gaur Mixel Berhokoirigoin. Pozik, EPPKren ordezkariek eta hautetsiek Reau-ko espetxean izan zuten bilkurarekin eta biharko manifestazioaren ondotik «erantzun konkretuak» etorriko diren esperantzarekin.

Euri, eguzki, haize... artean, eguraldi oso nahasiarekin iritsi da martxa umorerik galdu gabe 119 urteko Fresnes kartzela zaharrera. Sarrerakoan ika mika txikia izan dute martxa buruan ziren poliziek eta atarian zeuden jendarmeek, martxak espetxearen perimetrora sartzerik ba ote zuen ala ez. «Galdetu egin behar dugu», esan du geroxeago agertu den espetxeko zaintzaren arduradunetako batzuk; «galdetu», erantzun dio poliziak eskuarekin martxari bide ematen zion bitartean. Jendarmeak erretiratu egin dira eta martxak Fresneseko espetxearen perimetroaren bueltan egin ditu azken metroak.

Larunbateko manifestazioaren berri eskuz esku

Martxa pedagogiarako eta informaziorako tresna izan da egun hauetan guztietan, hiruzpalau laguneko talde bat joan baita buruan bakegileen deialdiaren berri dakarren eskuorria banatzen. Harriduraz eta «zer da hau?» galderarekin hartzen du askok. Etenik gabe ikurrina bat joan da buruko pankartarekin bat, aldarria nongoa den behintzat lehen kolpean ezagutarazteko.

Bozgorailuetatik, Parisko deialdiaren berri frantsesez: «jarraitu behar dugu bakearen bidean», aldarri, Frantziako Estatuan 63 euskal preso daudela eta hauek senideengandik ehunka kilometrora urrunduak direla, baita larriki gaixo direnen askatasun eskea ere. Biharko manifestazioan ikuspegi politiko orotako jendea izango denaren berri ere bai.

Aurrez hexagonoko 20 espetxe igaro dituen espetxe biraren lekukoa hartu du Paris inguruko martxa honek. 4.000 km eta 24 egun izan dira Mont-de-Marsaneko espetxea eta Fresnes lotu ahal izateko; EPPK-k gerturatze bidean finkatu duen helmuga lehena, aurten 119 urte bete dituen espetxe zaharra azkena.

Fresnes-Place du 18 juin 1940

Azken etapa milaka euskal herritar ia Parisera iristen ari diren unean egingo du martxak. 8.30ean eman dute hitzordua Fresnesen eta eguerdian egingo zaio ongi etorria martxari Place du 18 juin 1940 plazan. Montparnasseko geltokitik bertan da, hara iritsiko dira Euskal Herritik datozen trenak eta autobusak.