INFO

Estatu espainiarretik kanpo jaiotako 39.736 pertsona daude erroldatuta Bilbon

Bizkaiko hiriburuan Estatu espainiarretik kanpo jaiotako 39.736 pertsona daude erroldatuta. Horietatik, 26.074 dira atzerriko nazionalitatea dutenak. Biztanleriaren % 11,5 dira Estatu espainiarretik kanpoko jatorria dutenak eta % 53a emakumezkoak dira. Kolonbia (%12,3), Bolivia (%10,1) eta Maroko (% 7,3) dira ordezkari gehien dituzten herrialdeak.

Itziar Urtasun eta Jose Antonio Oleaga. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, abian jarri du Bilbon Immigrazioaren Behatokia.

Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak eta José Antonio Oleaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak etorkinei buruz udal erroldak erakusten dituen datuen berri eman dute.

Biztanleen Udal Erroldako datuek diote Estatu espainiarretik kanpoko atzerriko etorkinen pisu erlatiboa aldatu egin dela Bilboko udalerrian. 2012tik aurrera, atzerriko etorkinen kopurua murriztu egin da apurka apurka, baina 2017an joera aldatu eta kopuru horrek gorantz egin du.

Izan ere, Bilbok 2016an baino atzerriko 376 etorkin gehiago dauzka erroldatuta (1,5%). Datu hori positiboa da, Bizkaiko hiriburuak sei urte daramatza biztanleak galtzen (% -2,2). Gaur egun, Estatu espainiarretik kanpo jaiotako 39.376 lagun daude erroldatuta, biztanleriaren % 11,5, horietatik 26.074 dira atzerriko nazionalitatea dutenak, hau da % 7,5.

345.474 pertsona daude guztira Bilbon erroldatuta.

Generoari begiratuta, emakumezkoak gehiago dira gizonezkoak baino eta % 53 dira. Adina kontuan hartuta, 18 eta 64 urte-tartekoak biztanle horien % 81 dira. Profilik ohikoena latinoamerikar emakumearena da.

Datuak barrutika aztertuz, atzerritarren bolumenik handiena Ibaiondon dago, Bilboko atzerriko lau etorkinetik batek hori aukeratzen baitu (% 25,6).

Bigarren lekuan Errekalde dago, lehentasunezko lekua baita bizitzeko (% 19,5).

Izan ere, 2011tik 2017ra arteko tartean, Errekalde da gehien hazi den barrutia.

Bilbon 140 estatu ezberdinetako atzerritarrak bizi dira. Bilbon erroldatutako etorkinen jaioterriari dagokionez, 2017an, Kolonbia da ordezkaririk gehien daukan herrialdea (% 12,3). Atzetik datoz Bolivia (% 10,1) eta Maroko (%7,3).