INFO
Entrevue
MAIALEN LUJANBIO ZUGASTI
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIKO TXAPELDUNA

«Gozatu daitekeen neurrian, gehien gozatu dudan finala izan da»

Hustuta bukatu zuen finala. Bertsozaleak betez hustu zelako, bertsoz bertso. Ez daki zertan diren berdin edo desberdin lehen txapela eta bigarrena, akaso lehena «arinagoa eta leherkorragoa» sentitu zuen eta, bigarrena, «apalagoa eta trinkoagoa».


Berandu oheratu –txapela Astigarragako Ipintzan lagunarte ederrean ospatu eta gero– eta gutxi lo eginda egin digu harrera Maialen Lujanbiok, irribarre zabalez eta pozik, oso pozik. Egin duen finalik onena egin izanaren gozoa eta patxada nabari zaizkio.

Nola igo zinen BECeko oholtza gainera? Grinatsu sumatu zintugun.

Egia esan, indartsu eta buruz argi sentitu nintzen, aurtengo txapelketan ez bezala. Igandean barruko indarra, gogoa eta kantatzeko grina sentitu nituen, eta suertez, argitasuna buruan. Orain arte txapelketan ez dut argitasuna lortu bi finalerdietan. Igual saio onak egin ditut, baina ez nahi bezain argi eta bizi. Igandean burua argi sentitzen nuen.

Zortziko handiko ariketa, goizeko lehena, Unai Agirrerekin josi zenuen. Horrek mesede egin zizun?

Esanguratsua izan zen, Unairen lehen finaleko lehen ariketa izan zelako. Nik era bateko babesa ematen nion berari, eta berak niri beste era batekoa. Polita izan zen berarekin kantatzea. Baina azkenean beste zazpiekin ere askotan kantatu dut eta bakoitzarekin harreman modu bat daukat. Beste batekin hasi izan banintz ere, ondo. Baina Unairekin hastea polita izan zen, eta suertez, uste dut saio polita egin genuela bion artean. Poza eman zidan hasiera on bat eman geniolako.

Futbolari baten ahotik, bikain. Harritu egin gintuzun.

Hori esan dit jende askok, baina ez dakit zergatik. Hori zen nire rola. Bertso munduan dabilen edonork gai popularretan eta ez hain popularretan moldatu behar duela uste dut. Niretzat futbola ez da gai arrotza, gustatzen zait eta segitzen dut pixka bat. Eroso sentitu nintzen joko zelai horretan, niretzat mundu erreferentzial ezaguna delako.

Hankak lurrean eta begirada ertz guztietara.

Nire mundua gauza horiek denek osatzen dute. Batzuetan badirudi oso urruti daudela heroina arazoak zituelako bere etxetik ihesi joan den emakume bat eta futboleko publizitate kontuez ari den beste bat. Horiek denak nire eta gure errealitatearen parte dira. Nire bizipenak dira eta era berean uste dut bertsotan gabiltzanok suerte eta, areago, betebehar hori badugula. Herri batzuetan perretxikoei buruz kantatzen duzu, hurrengoan ehizari buruz eta beste batean generoari buruz. Niretzat aberatsa da horietan denetan moldatzea eta gozatzea.

Txapelketan asko aipatu dira bakarkakoak, baina ni oso gustura eta asebeteta nago bakarkakoaren antipodak diren beste saio batzuekin; puntukakoak, Mercadonakoa edo futboleko hori kasu. Horietan asmatu izanak asko pozten nau. Niretzat oreka hor dago. Bakarkako ederrak oso ondo daude, baina bertsoa bada beste guztia ere; printza umoreak, zirika, igual zure oso gustukoa ez den gai hori baliatzen jakitea jendea zirikatzeko...

Plazan gure jardun nagusia hori da, ofizioa. Aurten udaran entzun gaituen edozeinek badaki gure jarduna horretan oinarritzen dela. Ariketen arteko oreka horrek poztasun handia ematen dit; bakarkakoan ondo, baina ofiziotan ere ondo ibili izanak.

Eguerdirako zure izena bolo-bolo zebilen kinieletan. Zer sentsazio zenuen eguerdian?

Nik nahiko sentsazio ona neukan. Goiza ondo joan zen sentsazioa banuen, baina ez nintzen gai nirea besteen lanarekin konparatzeko. Besteen saioa erdizka entzun nuen.

Oholtzako zure presentzia bitxia izan zen. Eserita zinenetan, uzkurtuta, ez zen igartzen aulkian zinenik ere. Baina kantura altxatutakoan, zure presentzia sekulakoa zen.

Kontzentratuta egoteko ahalegin bat izan zen. Jendeari eta erreakzioei begira egoten banaiz, kanpo horri gehiegi sartzen uzten badiot, deskontzentratu egiten naiz, kanpo eta barru nahastu egiten zaizkit eta distortsionatu egiten naiz. Nire baitan sartuta egon nintzen, erdi entzuten, hurrengo melodiak errepasatzen, jarreren inguruan pentsatzen... kontzentratzeko modu bat izan zen.

Ilearen atzean ezkutatuta.

[barreak] Bai, postura horixe hartu nuen. Gero tarteka burua altxatzen nuen eta olatua etortzen zitzaidan gainera. Ez duzu festatik kanpo egon nahi, baina batzuetan aislatu egin behar duzu jai handi horretatik, bestela gozatzera jartzen zara eta guri ez dagokigu guztiz gozatzea egun horretan. Emaitzak izan behar du gozatzekoa, egin duzunaren poza sentitu behar duzu, eta horretarako kontzentratuta egon behar duzu.

Finalean gozatu zenuen?

Bai, gozatu nuen. Gustura nago, aurtengo txapelketan ondoen egon naizen eguna delako. Sentsazioz, ez bertsoz. Eta egin ditudan final guztietan gehiena gozatu dudan eguna izan da, nahiz eta estutasuna pasatu nuen, tentsio handia neukan eta lanean aritzearen sentsazioa izan nuen egun guztian. Gozatu daitekeen neurrian, gehien gozatu dudan finala izan da.

Transexuala, jonkia, ama bakarra, etorkina, prostituta... ertz oso interesgarriak ekarri dituzu txapelketara.

Horrela, denak segidan esanda, inpresioa egiten du! Ez da kontzienteki egindako zeozer, ez da errealitate horiek ateratzeko gogo bat. Interesatzen zaizkizun gaien parte diren pertsonaiak edo egoerak dira. Txapelketa honetako ofizioetan kostatu egin zait nire intereseko eta gustuko gaiak bilatzea eta bakarkakoek, zabalak diren neurrian, zure intereseko ertz batetik aritzeko aukera ematen dute. Hor aukera izan dut interesatzen zaizkidan korapiloak, ni mugitzen edo kezkatzen nauten horiek, ateratzeko. Saiatu naiz erraz ezagut daitezkeen korapiloak, etxe askotan pasatakoak, ateratzen. Hori izan da nire saiakera.

Kontatu egiten duzu. Ez duzu epaitzen.

Hau inkontzienteki egiten duzun zerbait da, baina ez landu gabea. Nik ez dut horrela formulatu inoiz, baina gai bat lantzen duzunean, badakizu nola landu nahi duzun. Badakizu arrazoi potolo erabateko horietatik alde egin nahi duzula, badakizu ez duzula pretentziosoa izan nahi... are gehiago bizitzak gaizki tratatu dituen pertsonen azaletik ari zarenean. Ze autoritate daukazu zuk haien ahotik hitz egiteko? Ze esateko eta nola?

Kontua delikatua da, kontuz ibili behar da. Zure buruan hautu estetiko eta ideologiko bat daukazu eta ez duzu aldi oro aukeratzen gai bakoitzaren aurrean, oinarri bezala daukazu eta gauzak balio horien arabera ateratzen zaizkizu.

Emakumeak dira denak.

Bai, ni nire ahotik ari naizelako. Ia denak lehen pertsonan kantatzekoak izan dira. Beste finalista bat balitz hemen hizketan, gizonezkoa eta gizonen ahotik aritzen dena, ez genioke horri buruz galdetuko, normaltzat joko genuke. Aldiz, nik alaba jonkia aipatzen badut, batzuen begietara emakumea da gaia. Denak emakumeak dira denek nire ahotik kantatu dutelako. Eta niri interesatzen zaidalako pertsona horien gaiei buruz hitz egitea.

Buruz burukoa Mendiluzerekin. Oso bizkor aritu zineten.

Buruz burukoa hasteko orduan arratsaldean baino hobeto nengoen. Arratsaldean, bazkaldu eta gero, nekatu eta hoztu egin nintzen pixka bat. Bazkaldu ere gutxi egin nuen... Makalaldi bat izan nuen. Bakarkakoan berriz etorri nintzen gora eta buruz burukoan hobeto nengoen.

Zeure burua garbi ikusten zenuen buruz burukoan?

Kantukideek esaten zidaten ni izango nintzela bat. Nik sentitzen nuen saio on samarra egin nuela eta izan nintekeela ni horietako bat.

Bigarren txapela desberdina al da?

Niretzat ez da desberdina, berdina da, baina bi une desberdinetan. Bietan lan baten emaitza da. Gero, kanpora begira bi txapel hauek izan dezaketen irakurketa, nahiago dut nik ez egin. Ez dakit, honi buruz pentsatu egin behar dut. Denborarekin oroitzapenak distortsionatu egiten dira. Orain iruditzen zait lehengo txapela arinagoa eta leherkorragoa izan zela. Eta oraingoa apalagoa eta trinkoagoa da sentimenduz. Gehiago kostatutakoa eta beteagoa dela sentitzen dut. Oso pozik nago.

Eta hemendik aurrera, zer?

Ba, berdin segitu nahiko nuke. Laster 26 urte beteko ditut plazan. Bertsoa eta bertsoarekin lotutakoak dira nire zeregina, bertsoa eta periferia, letrekin lotutako gauzak. Nire asmoa eta ilusioa horrekin segitzea da.