INFO

AHT Arabako Errioxatik igarotzeko balizko aukera baztertzeko exijitu dio EH Bilduk Madrili

Arabako lurraldetasuna errespetatzeko eta Miranda-Logroño Abiadura Handiko Trenaren (AHT) balizko linea Arabako Errioxatik pasatzea baztertu dezala exijitu dio koalizioak Madrilgo Gobernuari.

Arabako Errioxan AHTk eragingo lituzkeen kalte ekonomiko eta ekologikoez ohartarazi du EH Bilduk. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«AHT proiektu txikitzaile, garesti eta antisozialak Euskal Herrian zein Araban eragindako kalte ekonomikoak eta ekologikoak ondo baino hobeto ezagutzen ditugu eta ez gaude prest inondik inora ere holakorik Arabako Errioxan gertatzea onartzeko», azpimarratu du Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak.

Iñigo de la Serna Sustapen ministro espainolak Miranda-Logroñoko AHTren balizko linea erakitzeko lau aukeretariko bik Arabako Errioxa alde batetik bestera zeharkatu lezaketela jakin ostean, EH Bilduk bere «erabateko errefusa» adierazi du, atzo zonaldeko upategiek egin zuten bezala.

Alde batetik, koalizioaren ustez, «guztiz ezaguna delako AHT garraio proiektua guztiz txikitzailea dela ekologiari dagokionez, behar-beharrezkoa den gastu soziala murriztetik elikatzen dena eta garapenkeria basatian oinarritutako mugikortasunaren kontzepzio zaharkitu bezain arriskutsuan oinarritutakoa».

Bestetik, «oraindik ere amaitu gabe dagoen eta dirutza kostatzen ari zaigun ‘Euskal Y’-ak Euskal Herrian zein Araban bertan (Urbinan edo Aramaion, kasu) eragindako orbain sakonak edonoren begi-bistan daudelako».

Halaber, Arabako Errioxan «inork nahi, behar edo eskatu ez duen proiektuak» lurraldearen «eremu esanguratsuenetariko bat pasabide huts gisa» erabili nahi izatea gaitzetsi du Fernandez de Pinedok, «ekosistema sozial, kultural eta ekonomiko bat arrisku larrian» jartzen duela gaineratuta.

Hori dela-eta, koalizioak Gobernu espainolari exijitu dio Arabako lurraldetasuna «goitik behera errespetatu dezala eta horrelako proiektu bat garatu nahi badu egin dezala ‘onuradun’ izango diren edo holakorik ‘nahi’ duten lurraldeetan».

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak gai honen inguruan emandako «erantzun herabea» kritikatu du Fernandez de Pinedok. «Zain egon gara ea Foru Aldundiak behar besteko irmotasunez erantzungo zion Logroñotik proposatutako astakeria horri, baina berriro ere jeltzaleen ohiko epelkeriarekin egin dugu topo; gainera, kezkatzeko modukoa ere bada euskal instituzio nagusia den Eusko Jaurlaritzak honen berririk ez izatea, proiektu horrek bere lurraldeari bete-betean eragiten badio ere», azaldu du koalizioko eledunak.

Zentzu horretan, Lakuaren jarrera argitzeko Arantza Tapia sailburuaren agerraldia eskatu du EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan. Arabako Errioxako udal guztietan mozioa ere bideratuko du koalizioak, bertako erakundeetatik ere balizko ibilbide horren kontrako jarrera adierazteko.