INFO

Milaka lagun San Tomas azokaren jai giroaz gozatzen

Bilboko Areatzan eta plaza Barrian ezarri dituzte saltokiak ohioa den bezala eta milaka lagun San Tomas azokaren jai giroan murgildu dira. Taloak eta txakolina dastatzeko aukera andana dute hurbiltzen direnek.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Urtero bezala, Bilboko Areatza izango da San Tomasetako azokaren gune nagusia. Hori dela eta, Zingira kalearen, Erribera kalearen eta Areatzako Zubiaren artean jai esparrua dagoenez, itxita daude ibilgailuen zirkulaziorako, zirkulazioan Aste Nagusiaren antzeko murrizketak eraginez.

Areatzako pasealekuaren jai esparruan, guztira, baserritarrek egindako produktuak saltzeko 218 postu egongo dira eta plaza Barrian berriz, baserritarren 58 saltoki jarri dira.

Bestalde, Bilboko konpartsek ere jai egitarau zabala eskainiko dute eta azaldu dutenez, ohiko txerrikien eta ortukarien zozketan bildutako dirua Tosu Betirako ekimenari emango diote, lehen sektorea defendatzeagatik.

Ohi bezala, San Nikolas elizaren inguruan txosna jarriko dute eta musika, bertsoak eta bertoko jana eta edana eskainiko dituzte, Areatzako eta plaza Barriko postuek emango duten nekazaritza eskaintza osatuz.

Eguneko zozketarako zenbakia bertan izango da salgai, Bilboko konpartsen egutegiarekin batera. Egitarauari dagokionez, txosna goizeko 11.00etan zabalduko dute. Eguerdian, pintxo eta indabak banatzeari ekingo diote, txalapartaren doinupean. 13.00etan izango da bertsolarien txanda; Garazi Navarrok, Oihana Bartrak eta Maialen Akizuk abestuko dute, Iker Uribarren gai-jartzailearen proposamenen gainean. 14.00etan gaiteroek joko dute oholtzaren gainetik.

Bazkal ostean eta eguna itxi arte, Gora Herria erromeriak dantzan jarriko ditu bertaratzen direnak. Tartean, 18.30etan, zozketa burutuko dute, bertoko baserritarrek ekoiztutako barazkiak zein baserriko txerriki ekologikoekin. 20.00etan berriz, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpi Kaleetako Txakur kaletik.