INFO

Atutxak ez die gainerakoei aukerarik eman herrialdeko maila nagusiko finalean

Gizonezkoen Bizkaiko Lehen Mailako finalean ez zen inongo ezusterik izan, eta Aitzol Atutxak aise irabazi zuen txapela, bigarren sailkatu zen Julen Larreari bi minutu eta 40 segundoko tartea kenduz.


Gizonezkoen Bizkaiko Lehen Mailako finalean ez zen inongo ezusterik izan, eta Aitzol Atutxak aise irabazi zuen txapela, bigarren sailkatu zen Julen Larreari bi minutu eta 40 segundoko tartea kenduz.

Bilbon jokatu zen finalean jendetza handia batu zen saioa ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Atutxak hasieratik bukaerara agindu zen, aurrez pentsa zitekeen moduan. Euskal Herriko txapeldunak ez dauka areriorik bere herrialdean, nahiz eta atzokoan Larrea gazteak oso lan ona egin zuen, eta ez zen txapeldunarengandik oso aparte geratu. Gainerakoen artean alde handiak izan ziren.

Azken sailkatuak galtzen zuen berez maila, baina Mendietak ez zuen parte hartu gaixorik zegoelako, eta atzo azkena geratu zen Ernesto Ezpeletak bere aurka jokatu beharko du kanporaketa, maila zeinek galtzen duen erabakitzeko. Saio hori irabazten duenak jarraituko du. Atutxak, 30 minutu eta 3 segundo behar izan zituen lanak egiteko. Atzetik, Julen Larrea (32.43), Aritz Irazabal (36.29), Hodei Ezpeleta (40.20), Xabier Garcia (42.51) eta Ernesto Ezpeleta sailkatu ziren. Azken honek zaintiratua izan zuen, eta ezin izan zituen bere lanak amaitu.