INFO

Kalejiran iritsiko da Olentzero larunbat arratsaldean Bilbora

17.30etan aterako da Eliptika plazatik Olentzero eta Arriagaran bukatuko du ibilbidean. Igande goizean bertan izango da umeen gutunak jasotzen.

Olentzero. (Bilboko Udala)

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzi Itziar Urtasunek harrera egin dio gaur goizean Olentzerori Atxurin dagoen Eliz Museoan eta aurtengo kalejiraren berritasunak aurkeztu dituzte.

Abenduaren 23an iritsiko da Olentzero Bilbora. 17.30tan aterako da Eliptika plazatik, Kale Nagusia zeharkatuko du eta plaza Biribiletik eta Nafarroa kaletik Arriaga plazara helduko da.

Olentzerorekin batera Mari Domingi eta Basajaun, zurezko Pottoka erraldoi baten, Antzara baten eta Triziklo baten gainean joango dira.

Antzara aurten familiarekin aterako da. Antzara kumeak amaren atzean joango dira eta umeek aukera izango dute kumetxoak ezagutzeko.

Aldi berean, 20 dantzari joango dira Lamiarekin eta kalejira alaituko dute.

Ibilbidean zehar, umeek Olentzerorentzat dituzten eskutitzak jasotzen lagunduko dute galtzagorriek. Bilboko Udalak 20.000 eskutitz baino gehiago banatu ditu Uriko ikastetxe guztietan. Helburua da 3 eta 8 urte bitarteko umeek Olentzerori gutuna idaztea eta kalejiran edota Arriagako 24ko harrera ekitaldian eskura eman ahal izatea Olentzerori berari.

Olentzerorekin batera 100 pertsonatik gora joango dira: 80 artista baino gehiago eta 30 pertsona laguntza teknikoa eta logistikoa ematen, bai eta zanpantzarrak, dantzariak, zuzeneko musikariak, fanfarria bat eta bestelako pertsonaiak kalejira osatu eta ondo etorria egiteko ikazkinari.

Arriaga plazara iristean, Olentzeroren musika taldeak 30 minutuko ikuskizuna eskainiko du. Une horretan, Olentzerok eta Mari Domingik Juan Mari Aburto alkatea eta Itziar Urtasun jaietako zinegotzia agurtuko dituzte.

Ondoren, umeekin batera Olentzeroren eta Mari Domingiren abestiak kantatuko dituzte.

Bilboko Udalak erromeria antolatu du Areatzan kalejira osterako.  Benta zaharreko mutil alaiak taldeak girotuko du festa. 

Harrera igandean

Kalejira amaituta, Olentzerok Arriaga Antzokian emango du eta benduaren 24an, 11.00etatik 14.00etara harrera egingo die gerturatzen diren umeei.

Goizeko 10.00etatik aurrera, Areatzan (txurro-dendaren ondoan) etxetxo bat jarriko da Olentzerorekin egon ahal izateko tiketak banatzeko; guztira, 1.500 banatuko dira.

Arriaga plazan hainbat jarduera prestatu ditu Udalak umeentzako.