Kinkea izeneko produktu promozioa abiarazi du Etxeratek
Etxeratek Kinkea izeneko produktuen promozioa abiarazi du, horren bitartez bildutako diruarekin elkartearen jarduera finantzatzeko.
Preso eta iheslarien senide eta lagunei asistentzia, aholkularitza eta laguntza eskaintzeaz gain, berriki bere gain hartu dituen presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatu ahal izateko behar duen finantziazioa lortzera bideratutako ekimena aurkeztu du Etxerat elkarteak Hernanin.
Etxerateko eledun diren Urtzi Errazkin eta Patrizia Velezek eskaini dute agerraldia, elkarteko presidente den Fermina Villanuevarekin batera, ekimen berri honen inguruko xehetasunak emateko.
Kinkearen lehenbiziko promozioan Zigor Merodio artistak ekoitzitako ‘Erraldoia’ litografiaren 20.000 ale salduko dira, urtarrilaren 1etik martxoaren 20ra.
Etxeratek abian jarriko duen promozio honen baitan, 25 euroren truke litografia erosten duen bakoitzak, zozketa baten parte hartzeko boleto bat jasoko du. Zozketa hori Andoaingo notarioaren aurrean egingo da martxoaren 21ean, aplikazio informatiko baten bitartez, banatutako boleto guztiak zozketa horretan sartuta.
20.000 euroko sari bat, 5.000ko 3 sari, 1.000 euroko 15 sari, 500eko 20 sari eta 100 euroko 100 sari zozketatuko dira guztira.
2018. urtean zehar lau promozio egiteko asmoa du Etxerat Elkarteak.
Sustapen-helburua duten ausazko konbinazioak antolatzeko Lakuako Gobernuaren Joko eta Ikuskizunetarako Zuzendaritzak agindutako oinarri arautzailearekin bat dator egitasmoa, Etxeratek zehaztu duenez.