INFO

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2018ko aurrekontuak onartu dituzte, EAJren eta PSEren aldeko bozekin

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak 2018. urteko aurrekontuak onartu, foru Gobernua osatzen duten EAJ eta PS alderdien aldeko botoekin eta EH Bildu, Ahal Dugu eta PPren kontrakoekin eta Talde Mistoaren abstentzioarekin. Aldundiak aurkezturiko hasierako proiektuak 12 zuzenketa partzial jaso ditu, 979.000 eurokoak.

Unai Rementeria ahaldun nagusia, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Foru Gobernuak 7.813,2 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen joan den urrian Bizkaiko Batzar Nagusietan. Gestio propioko aurrekontua 1.602 milioi euro eta sailen erabilgarria 1.193 milioi euro ziren.

Euskal Herria Bilduk eta Ahal Duguk osoko zuzenketak aurkeztu zituzten, baina iragan abenduaren 14ko osoko bilkurak atzera bota zituen. Halaber, 600dik gora zuzenketa partzial aurkeztu ziren, eta ostegun honetan Gernikan egin den osoko bilkuran onartu den aurrekontuak 12 zuzenketa jaso ditu, 979.000 eurokoak.

Zehazki, jeltzaleek eta PSEk elkarrekin aurkezturiko sei zuzenketa eta oposizioko taldeekin adostutako beste sei gehitu zaizko hasierako proiektuari.

Jasotako zuzenketa berrien erdiak Euskara eta Kultura arlokoak dira (479.000 euro), lau Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunekoak (390.000 euro), bat Iraunkortasun eta Natur Ingurunekoa (60.000 euro) eta beste bat Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesiokoa (50.000 euro).

EAJk eta PSEk aldeko botoa eman dute, eta, aldiz, EH Bilduk, Ahal Duguk eta PPk, aurkakoa. Arturo Aldecoak, Talde Mistoko batzarkideak, abstentziora jo du.