INFO

Marta Igarriz presoaren senideek istripua izan dute Castello I espetxetik itzultzean

Etxeratek jakinarazi duenez, dispertsio politikak aurten eragin duen bederatzigarren istripuak «zauri larriak» eragin dizkie Marta Igarriz euskal preso politikoaren ama eta izebari, Castello I espetxean bisitatu ostean sufritutako istripua dela-eta.


Jaioterritik 550 kilometrotara aurkitzen den Castello I espetxean dagoen Marta Igarriz euskal preso politikoaren senideek istripua izan zuten atzo. Haietako bik «zauri larriak» dituztela jakinarazi du Etxeratek. 2017ko bederatzigarren ezbeharra da hau.

16:30etan gertatu zen ezbeharra, Marta Igarrizen ahizpa, ama eta izeba zihoan autoak Leitzako bigarren tunela igaro ostean. Elurraren eraginez autoaren kontrola galdu ostean, lehendik bazterbidean istripua izan zuen auto baten aurka talka egin zuten.

Ezbeharra gertatu ondoren, presoaren ahizpa bere kabuz irtetetzeko aukera izan zuen autotik, ondoren Gipuzkoako Ospitalera trasladatua izanik. Izeba ere bere kabuz irten zen autotik, baina ama autotik atera behar izan zuten ezintasuna medio. Izeba eta ama Poliklinikara trasladatuak izan ziren eta, egun, obserbazioan jarraitzen dute.

«Ehunka hiritar, euskal preso politikoen senide eta lagun, beraien bizitzak arriskatzera behartuak daude astebururo-astebururo beraien bisita eskubideak bermatuak egon ahal izateko. Behartuak egitera dauden bidai amaigabe hauek 16 bizitza ebatsi dituzte, baita ehunka zauritu eragin ere».

Etxeratek bihar prentsaurrekoa eginen du, ezbehar berri honen informazio gehiago eskaintzeko eta Marta Igarrizi zein senideei «elkartasuna eta babesa» adierazteko.