EPPK-ren agiria euskal jendarteari
Agiri hau hasi nahi dugu Belen Gonzalez Peñalba burkidea gogora ekarriz, kartzeletako hormen atzean egin diogun omena euskal herritarrei jakinarazteko. Burkide eredugarria izan dugu, dena ematen duten horietakoa. Asko zuen emateko eta dena eman zuen. EPPK-ko kide gisa ere bere apaltasuna nabarmendu behar dugu. Isilean joan zaigu baina arrasto sakona utzi ondoren Euskal Herriaren historia garaikidean. Iritsiko da garaia berak emandakoa zikoizkeriarik gabe oroitu ahal izango dena bere borrokaren ipar izan zen Euskal Herri aske, euskaldun eta feminista batean. Agur eta ohore, Belen!
Gogora ekarri nahi dugu ere Xabi Perez de Nanclaresen heriotza, azken hamarkadetan beste euskal herritar askok egin bezala errepresioari, torturari eta kartzelari ihes eginez atzerrian babesa aurkitu zuena. Oraindik ere, asko dira bera bezala Euskal Herritik urrun ezkutuan edo deportazioan irauten duten euskal herritarrak, kartzelaren mehatxua gainean dutenak. Tamalez Xabier jaioterrira itzultzeko aukerarikgabe atzerrian hil da. Agur eta ohore, Xabi!
Azken agirian aipatzen genuen Ibon Iparragirreren eta larriki dauden beste kide gaixoen egoera muga-mugakoa. Oraingoan, eskertu nahi ditugu beren askatasunaren alde egiten ari diren ekimen anitzak eta ugariak, orain artean konponketarik lortu ez den arren. EAEko eta Nafarroako Legebiltzarrak argi mintzatu dira gaixo larri dauden presoen askatasunaren alde, eta berdin egin dute sindikatu gehienek. Hala ere, Rajoyren gobernuak ez ditu aintzat hartzen aldarrikapen eta eskaera guzti horiek, jarrera numantiarrean gotortzea da bere ildo bakarra. Mendeku politika da, bai, helburu argiak dituena, etsipena eta nekea eragin askatasunaren alde eta bakea lortzeko ahaleginean ari direnen artean. Beraiek dira gero eta bakartuago ageri direnak, ordea.
Horren harira, Frantziako kartzeletako Itzulia eta abenduaren 9ko manifestazioaren biharamunean, esker beroena eman nahi diegu ekimen horietan parte hartu duten euskal eta frantses herritarrei, baita ere, kolore guztietako alderdi politiko, sindikatu eta antolakundeei, Euskal Elkargoari eta Parisko Kontseiluari, milatik gora euskal hautetsiei, gure hurkoen eskubideen alde egindako ahalegin erraldoiagatik. Ororen gainetik nabarmendu nahi dugu “Orain presoak” goiburuaren atzean Euskal Herrira bakea ekartzeko dagoen erabakitasuna, eta bide horretan pentsaera guztiz desberdinetako pertsonek elkarrekin lan egiteko erakutsi duten heldutasun eredugarria. Kolektiboko kideek ahalegin herritarra lagundu genuen ekimenak burutuz.
Jakinarazi nahi dugu EPPK Frantziako gobernuarekin biltzen ari den Euskal Herriko ordezkaritzarekin harremanean dagoela eta, testuinguru horretan, EPPK-ko bi ordezkarik aukera izan zutela Brisson senataria, Bru diputatua eta Bové euro-diputatuarekin biltzeko. Haiengandik Luhusoz geroztik herritarrek, antolakundeek, alderdiek eta erakundeek abiatutako lanaren berri jaso zuten. EPPK-k honoko mezua helarazteko baliatu zuen enkontrua:
1) Eskerrak eman nahi dizkizuegu Aietez geroztik presoon eta gure hurkoen alde burututako ekimenengatik, baina batez ere bake prozesua bururaino hel dadin egiten ari zareten ahaleginagatik.
2) Presook Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidearen parte izan behar garela deritzogu, ekintzaile izan garelako eta gure hurkoak gatazkaren kaltetu ere direlako.
3) Horregatik, gure ustean, zilegi zaigu aldarrikatzea, gatazka gaindituko bada, kaltetu guztiei zor zaien sendabidea eman behar zaiela. Gu bide horretan aurrera jotzeko beharrezko urratsak egiteko prest gaude.
4) Hala ere, azpimarratu nahi dugu oraintxe bertan gatazka kaltetuak eragiten ari dela: batetik, gure senide eta lagunek jasaten duten presoon aurkako erbesteratze politika; eta bestetik, larriki gaixo dauden kideen egoera. Premia larrikoa da egoera horiei amaiera ematea.
5) Azkenik, gure iritziz, Euskal Herrian bake iraunkorra erdietsi eta gatazka ez errepikatzeko modu bakarra gatazkaren muinari heldu eta berau eragin duten arrazoiei heltzea da.
Horren harira, nabarmendu nahi dugu ere Foro Soziala egiten ari den lana, eragile sozial, politiko eta sindikalen inplikazio anitza lortzen ari delarik, funtsezko adostasunak eskuratuz.
Azkenik, Gabonetan presoon eta gure hurkoen alde antolatutako ekimenetan parte hartzera dei egiten dugu. EPPK-ko kideok herritarrekin bat egiteko burutuko ditugun ekimenen artean, jakinarazi nahi dugu urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioari indar emateko ikustaldi-greba egingo dugula.
Guztion ahaleginarekin amaituko dugu sakabanaketa eta deserriratzearekin. Guztion ahaleginarekin lortuko dugu bahitu politikorik gabeko Euskal Herria! Larriki gaixo dauden presoak kalera!
Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!
Euskal Herria bihotzean, 2017ko abenduan
EPPK
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
Euskal presoak Euskal Herrira!
Amnistia!
Independentzia!