INFO

Guggenheim museoak inoiz baino bisitari gehiago izan ditu 2017an

Guggenheim museoak «bere historiako urterik onena» bizi du bukatu berri den 2017an, bere 20. urteurrenean, eta 1.322.611 bisitari izan ditu.

«Reflections» ikuskizuna Guggenheim museoan. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

«Bai erakusketak ikustera bertaratutako bisitari kopuruari dagokionean, bai ospakizun ekitaldietara gerturatutako herritar andanari erreparatuta, kultur jardueretako TopARTE programetan publikoak izandako parte hartze altuarekin eta urte honetan jasotako aitorpenekin batera, museoa osasun betean dagoela esan daiteke», adierazi dute Guggenheim museotik.

Bisitariei dagokionez, errekor historikoa lortu da, eta museoa ireki ondorengo lehen urte osoa izan zen 1998ko kopurua gainditzera iritsi da 1.322.611 bisitarirekin, aurreko urtean baino 153.207 gehiago eta orain arte marka zeukan 1998an baino 15.411 bisitari gehiago.

Gainera, 300.000 pertsonak baino gehiagok ikusi zuten ‘Reflections’ zuzeneko ikuskizuna. Frank Gehryren eraikina mihise bilakatu zen lau gauez, «museoaren eta hiriaren historia erakusteko bidaia sentsorial batean».

Halaber, atal honetan Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako «Lurraldea zabalduz» ekimena nabarmendu da. Adin nagusiko bizkaitarrek urrian museoa doan bisitatzeko gonbidapena jaso zuten, eta 113.966 bizkaitarrek aukera hori baliatu zuten.

Guggenheim museoaren funtzionamenduak daukan eragin ekonomikoari dagokionez, 2017koek aurreko urteetako datuak gainditu dituzte. Horrela, museoaren jarduerarekin EAEn sortutako eskariaren guztizkoa 495,5 milioi eurokoa izan da, eta 433,7 milioi euroko ekarpena egin zaio Barne Produktu Gordinari (BPG). Kopuru horiei esker, 67,2 milioi euro gehiagoko diru sarrera egin da EAE ogasun publikoetan. Gainera, museoaren jarduerak 9.282 enplegu mantentzen lagundu duela esan dute museoko ordezkariek.