INFO

Haur motxiladunen zama telebistan eta sare sozialak malkotan

Latza, gordina, gogorra… hala deskribatu zuten Twitterren haur motxiladunen errealitatea argitara emateko Ur Handitan saioak atzo eskainitako erreportajea. Gu sareen erantzuna biltzen saiatu gara.

Garik bi gurasoak ditu espetxean.

Iluntzeko 22.30tan, Xabier Madariagak gidatzen duen Ur Handitan saioa EiTBn abiatzearekin batera hasi ziren #urhanditan eta #MotxiladunUmeak traolak Twitterren dantzan.

Ikus-entzuleek malko asko isuri zituzten ume hauen hitzak entzuten eta hala onartu zuten Twitterren saioa abiatu orduko.

Bi gurasoak preso dituen Gari txikiaren elkarrizketa benetan gogorra izan zen. Granadako kartzelan jaio zen eta bertan, amaren ondoan, eman zituen lehen hiru urteak. Legeak behartuta, ostera, aitona-amonekin Biriatura bizitzera joan behar izan zuen orain sei urte. Algeciraseko kartzelan daude orain haren gurasoak, eta hilero 2.000 kilometroko joan-etorria egiten du haiek ikusteko.

Malkoei ezin eutsita erantzun zituen Garik Xabier Madariagaren galderak, bederatzi urteko haur batengan ohikoa izan behar ez lukeen patxada eta seriotasunarekin.

Haizeak ere bi gurasoak ditu preso eta bere andereñoak, Nuriak, gurasoak ezagutu eta gelako gora beheren berri emateko kartzelara doa haiekin bilera egitea. Atzo EiTBko kamaren aurrean agertu zen lehen bisita horri hitzik jarri ezinik.

Hizek eta espetxean duen aitak ordu berean begiratzen diote ilargiari gauero eta marrazki bizidun berdinak ikusteko ahalegina egiten dute biek; «hori ia elkarrekin egotea bezalakoa» dela dio Hizeren amak, alabak ez baitu aita presondegitik kanpo ezagutu. 

#U13Bilbo eta #PrestGaude traolak ere kukuka aritu ziren Twitterren larunbatean euskal presoen alde Bilbon izango den manifestaldiarekin bat egin eta irakurleak gonbidatu asmoz.

Asko izan ziren Twitterren ere Ur handitan saioa egi bilakatzen duten lan taldeari zorion eta esker on mezuak helarazi zizkiotenak.

Saioa osorik ikusteko aukera duzue HEMEN.