INFO

«Espetxearen katea ez da eteten, askotan pentsatu dut nola gainditzen duten umeek»

«Motxiladun umeak» dira aurtengo mobilizazioaren protagonista nagusiak. Zama handia daramate bizkarrean presoen seme-alabek, buruan galdera gehiegi eta gehienetan erantzun bakarra: «urruti». Motxila irribarrez betea ekarri dute Bilbora «urruti» hori «gertu» bilakatzeko.

Haurrak izan dira protagonista goizeko ekitaldietan. (ARGAZKI PRESS)

Haurretaz hitz egiterakoan inozentzia eta irribarrea irudikatzen ditugu, badira ordea xalotasun hori nahigabean galdu duten umeak. Euskal presoen seme-alabek ongi dakite hori. Aitaren, amaren edo bien hutsuneak, milaka kilometroko bidaiek eta haurtzaro apurtu batek heldu bihurtzen dituzte behar baino lehenago. Aurtengo Bilboko manifestazioak «motxiladun umeengan» jarri du arreta eta NAIZek haietako batzuen amak elkartu ditu haien bizipenak jasotzeko.

Haurrekin hitz egitea ia ezinezko izan da, urduri eta aztoratuta daude. Xuar txikiak ordea hitz gutxirekin baina ederki adierazi digu zer sentitzen duen aitarengatik galdetzean. «Urruti», horixe izan du erantzuna. Lau urteko txikia Oiartzunen bizi da Oihana bere amarekin. Haurrak espetxean ezagutu du aita, jaio zenean Estatu frantsesean zegoen preso, orain aldiz Herrera de la Manchan. «Senide bat izatea eta maite duzun pertsona batekin egunero egon ezin horrek eragin handia du, hori azpimarratuko nuke», dio Oihanak. Bisitetarako bidaia prestatzeak ere pisu handia dakarrela aipatzen du: «Lehengo batean aipatzen zuen nerabe batek ia-ia bi bizitza paralelo bizi ditugu. Gure egunerokotasunari aurre egin behar diogu eta horrekin batera ia beste bizitza bat daukagu etxean preso bat izateak suposatzen duen guztiarekin». Eta noski maite duzun norbait espetxean izateak dakarren «hutsune afektiboa».

Edurne Igantzin bizi da bere bost urteko semearekin. Bere bikotekideak 16 urte daramatza espetxean beraz aita espetxean ezagutu du haurrak. Semeak bizi duen hutsune handiaz hitz egin digu, baita berak bizi izan duenaz ere: «Amatasunari bakarrik aurre egitea emozionalki suposatzen duena nabarmendu nahi dut. Lehenengo aldiz izaten dituzun beldur guzti horiei bakarrik egin behar diezu aurre».

Itziar, Ekai Prietoren ama. Ekaik 23 urtez izan du aita espetxean, berak urtea betetzen zuen egunean kartzelaratu zuten. Orain dela bi hilabete gelditu da aske. «23 urteko zigorra pairatu du, 16 espetxeko ibilbide luze eta gogorra». «Nire semearengan ikusten nuena zen sentitu nahi zuela ume bat normal bat bezala. Berak sentitzen zuen zailtasunak gainditu behar zirela eta nik uste horrek heldutasun puntu berezi bat ematen ziola. Aita ikusi zuen eta aldi berean bizitza normal bat egin. Eta ni ama bezala saiatzen nintzen bere giroa normaltasunaren barruan lortzen. Berak orain, nagusia dela, esaten dit ikusten duela familian nola babesten genuen». 23 urte eman dituzte bidaiatzen urruntze politikaren ondorioz, horietatik 15 Andaluziara. Itziarrek bereziki gogoan ditu bidaia haiek: «Beretzako txikitan bidaia hori zen abentura bat, horretan bihurtzen genuen. Uda garaian saiatzen ginen hondartzara joaten ahaztu ahal izateko oraindik 14 orduko buelta gelditzen zitzaigula. Beti saiatu gara espetxe orbita horretan ahalik eta hoberen igarotzen. Oso gogorra da, zure bizitza espetxetako bidaien bueltan dago antolatuta».

Banku batean eserita kontatu dizkigute haien istorioak. Bazter batean eserita daude Itziar eta Oier 11 urteko semea. Lotsatuta dago Oier, baina ezkutatu ezin duen irribarrea du aurpegian. Eta badu arrazoirik, Murtzian preso duen aita hurrengo astean geldituko baita aske. Oier bere aita Almerian zegoela jaio zen eta ordutik beste bost kartzelatan zehar bidaiatu behar izan du. «Estatu guztiari buelta eman diogu, 20 urte eman ditu espetxean eta 11 urte hauetan nire semeak egin dituen buelta guztiak eta horren eragina izugarria da», dio amak. Umea hazten joaten den heinean ardurak ere gehituz doazela nabarmentzen du. «Beti daukazu istripuen zera hori buruan, zer gertatuko den bidaian… ez duzu inoiz eteten kate hori eta horrek, urtea joan eta urtea etorri, sekulako zama dauka zuregan. Askotan pentsatu izan dut nola gainditzen duten umeek egoera hori».

Erantzunik gabeko galderak

Maialen Zuazo bilbotarra da eta 9 hilabeteko alaba du Villenan preso dagoen bere bikotekidearekin. Familia osatu berriaren gozotasuna elkarrekin bizi izatea botatzen du faltan. «Ametsek bederatzi hilabete bakarrik dituenez nabarmenduko nuke ze gogorra den erditzea eta haurdunaldia bakarrik eramatea. Arkaitz ekarri zuten etxera Ametsek egun batzuk zituela. 55 minutu eskaseko bisita bat izan zen, Zaballan astebete egin eta Villenara bueltatu zuten. Hortik aurrera hiru astean behin Alikantera egiten dugu bidaia. Haur txiki baten hasierako momentu horiek nahiko bereziak eta nahiko zailak izaten dira eta are gehiago bikotea ez badago etxean», azaldu du.

Izaro Hernanikoa da eta lau urteko semea du. Bere bikotekidea Châteaurouxen preso dago orain, Fresnesetik pasa ostean. «Bikote harreman bat bikotea ondoan egon gabe mantentzeak daukan zailtasuna eta gogortasun guztia azpimarratu nahi nuke. Baita bizitza paraleloarena». Zintzo hitz egiten du espetxe politikak seme alaben hezkuntzan ere duen eraginaz. «Nik helburu garbia daukat: gorrotoan ez heztea. Esaten den gauza bat da baina txikiari espetxera goazen bakoitzean funtzionarioak jostailua sartzen ez diola uzten esaten badio edo aitarekin goxo-goxo dagoen momentu batean etortzen bada funtzionario bat bisita bukatu dela modu lehorrean esaten zaila da. Oso azkarrak dira eta konturatzen dira, beretzako ‘jende gaiztoa’ dira».

Dispertsioaz hitz egiten denean arriskuaz hitz egiten da maiz, bada ordea haurrengan pisu handiagoa duen zerbait: aita edo ama faltan botatzen dute. Kontaketa mingarri baten bidez azaldu ditu Izarok: «Triste etortzen da aita berekin ekarri nahi duelako. Galdetzen duenean ea noiz ekarriko dugun gurekin eta erantzun behar diozunean oso handia denean izango dela oso gogorra da. Berak erantzun zehatzagoa nahi du eta nik ez du erantzunik gaur egun».